Txapelketa birtualak Sarean
2006-07-07 02:00Fenomenoa Estadu Batuetan sortu zan baina Europara be indartsu zabaldu da azken urteotan. Txapelketa edo joko horreek 'Fantasy txapelketak' izenagaz ezagutzen dira.
Egunotan, Munduko Futbol Txapelketearen harian, milaka edo miloeka zaletu batu dira telebisinoaren aurrean. Zoriontsuenek, Alemaniara joateko aukerea be izan dabe baina gitxi batzuk baino ez dira izan. Kontuak kontu, zale sutsuak danak dira eta entrenatzaile senagaz ganera.
Danaka dira adituak eta jakintsuak, danak dakie (ondo baino hobeto) zein izango litzateken talderik onena, indartsuena, azkarrena eta momentu bakotxean egokiena. Badakie gainera zeintzuk diran sasoian dagozan jokolariak eta, horrezaz gan, ez dabe ulertzen zelan benetako entrenatzaileek ez deutsien eureri kasu egiten taldeak osotzeko orduan.
Zaletasun amorratu hau ez da bakarrik mugatzen futbolaren mundura, ganerako kiroletan be bardin antzean pasetan da. Zaletasun horrek badauka bere alde teknologikoa Internet sarean: txapelketa birtualak.
Zelan ez, holako fenomenoa Estadu Batuetan sortu zan baina Europara be indartsu zabaldu da azken urteotan. Txapelketa edo joko horreek 'Fantasy txapelketak' izenagaz ezagutzen dira. Lagun talde batek txapelketa birtuala sortzen dau (edo sortua dan txapelketan izena emoten dau). Guztien eraketea antzekoa da baina bakotxak bere apartekotasunak euki leikez. Txapelketa edo ligea martxan jarteko partaideek benetako jokalariak zozketatzen dabez euren artean (futbolekoak edo saski baloikoak, berbarako). Beste batzutan ez da ezelako zozketarik izaten, bakotxak gura dauzenak aukeratzen dauz eta kitto. Aukeraketea egin arren, gatxena jokalari bakotxa postu zehatzean kokatzea da (aurrelaria, atzelaria, pivota edo antzerakoak); holan, partaide bakotxak bere taldea osotuko dau eta hortik aurrera presidente eta entrenatzaile lanak egingo dauz.
Taldea osotuta dagoanean, hurrengo partiduan nortzuk izango diran titularrak erabagi beharko da. Benetako jokalariek benetako partiduan zelako emoitzea lortu daben kontuan izango da: ondo jokatu dauen, golen bat sartu dauen (edo zenbat saskiratze), benetako partiduaa amaitu baino lehenago aldageletara joan dan, penaltiren bat sartu dauen (edo gelditu, atezaina bada), txartel beilegia edo gorria jaso dauen eta zerrenda luze bat. Holakoek puntuak emoten deutsiez benetako jokalariei eta gure talde birtualean jokolari hori izan ezkero, guk jasoko geunkez horreek puntu guztiak. Puntu gehien jasoten dauen taldeak irabaziko dau partidua. Holan jokatzen da liga edo txapelketa birtuala.
Estadu Batuetan 20 miloetik gora lagunek hartzen dabe parte holako txapelketa birtualetan eta honen gainean Sarean mobiduten dan negozioa 4.500 miloe dolarrekoa da. Liga batzuk pribaduak dira, hau da, sarrera bat pagau behar da bertan parte hartzeko (batzutan 150 dolar) baina beste batzuk dobanekoak dira, hori bai, nahiz eta dobanekoan izan, taldearen emoitzak hobetzeko, estadistikez beteriko aldizkariak (pagau beharrekoak) dagoz. Edo estadistika horreek aztertzeko programa bereziak.
Bertako Fantasy txapelketa ugarienak, futbol amerikarraren gainekoak dira; bigarren postuan, beisbolen ingurukoak eta hirugarrenez, saski-baloiaren gainekoak.
Gauzak holan dirala, norberaren zaletasuna asetuta gelditzen da baina leitekeana da asetu beharrean zaletasun hori handitzea eta obsesino bihurtzea, izan be, ez gagoz bakarrik gure taldearen zain, liga birtualei esker, beste benetako taldeak be begibistan euki beharko doguz, talde horreetako benetako jokalariak gure talde birtualeko kideak diralako (guk geuk aukeratuta); beraz, egunero edo astero daukiezan egun onak edo txarrak kontuan hartzekoak dira hurrengo partidu birtualean titularrak izan daitezan ala ez.
Google bilatzailean liga birtualen ganeko 400.000 mila webgunetik gora topauko dozuez. Hona hemen helbide batzuk:
www.hattrick.org
www.liga-virtual.com
www.managerzone.comwww.tu-liga.com
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!