La educación de las hadas
2006-07-07 02:00 Zinema kritikakFilm honetan, egunerokotasunaren azpian isurtzen diran misterioetan, sentimentuen kontraesanetan, guraso eta seme-alaben arteko hartu-emonetan eta fantasiari zabaldutako hezkuntzan sakondu gura izan dabe.
- Zuzendaria: José Luis Cuerda.
- Herrialdeak: Espainia, Frantzia, Portugal eta Argentina.
- Iraupena: 103 minutu.
- Antzezleak: Ricardo Darín (Nicolás), Irène Jacob (Ingrid), Bebe (Sezar), Glòria Roig (Luisa), Víctor Valdivia (Raúl).
- Gidoia: José Luis Cuerda; Didier van Cauwelaert-en nobela batean oinarrituta.
- Musikea: Lucio Godoy.
- Argazkia: Hans Burmann.
- Muntaia: Nacho Ruiz Capillas.
- Zuzendaritza artistikoa: Josep Rosell.
- Jantziak: Sonia Grande.
Nicolásek bere bizitzako emaztea topau dau, bai eta sekula euki ez dauen semea be. Hemendik aurrera, hiruren arteko maitasun istorioa perfektua izango da, harik eta Ingridek dan-dana amaitu dala erabagiten dauen arte. Zergaitik? Inork ez dauz arrazoiak ulertzen: sekula ez dira izango une horretan baino zoriontsuagoak. Nicolás etsita dago, baina Ingridek ez dau amorerik emon gura. Momentu horretan Sezar agertuko da eta Nicolás haregaz maiteminduko da.
Film honetan, egunerokotasunaren azpian isurtzen diran misterioetan, sentimentuen kontraesanetan, guraso eta seme-alaben arteko hartu-emonetan eta fantasiari zabaldutako hezkuntzan sakondu gura izan dabe, besteak beste. Ikusten danez, film honek gauza lar agintzen deusku, baina zoritxarrez horreetariko gitxi hazurmamitzen dira.
Bikotearen bizimoduaren lehenengo urteak trebetasunez laburbiltzen dauzen hasikera eraginkor baten ostean, minutuek aurrera egin ahala, pelikulea arian-arian makaltzen doa, nahiko aspergarri bihurtu arte. Amaieran, Sezar agertzen danean, ostera be bizkortzen da, baina lar belu. Ganera, filmean aurkeztutako itaunei emoten jaken erantzunak hutsalak dira, arinak.
Hori bai, filma girotzeko eta apaintzeko lana ona da eta antzezleena nahiko egokia, Víctor Valdiviaren jarduna izan ezik. Hori guztiori, baina, ez da balantzea ikusgarritasunaren alderdira makurtzeko baizen indartsua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!