La bicicleta

Joseba Terreros 2006-07-05 02:00   Zinema kritikak

La bicicleta abileziaz, maitasunez eta asmamenaz atondutako film apal baizen interesgarria da. Beharbada, sinple eta xumeegi agertzen jaku, pelikuleari gurata ezarritako demaseko baikortasuna dala eta.

- Zuzendaria: Sigfrid Monleón.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 98 minutu.
- Antzezleak: Pilar Bardem (Aurora), Sancho Gracia (Mario), Bárbara Lennie (Julia), José Miguel Sánchez (Ramón), Javier Pereira (Santi), Alberto Ferreiro (Luis), Juan José Otegui (Eugenio), Albert Forner (Guzmán), Carlos Bardem (Antonio), Rosana Pastor (Victoria).
- Gidoia: Martín Román eta Sigfrid Monleón.
- Musikea: Joan Valent.
- Argazkia: Alfonso Parra.
- Muntaia: Ángel Armada.
- Zuzendaritza artistikoa: Rafael Jannone.
- Jantziak: Inés Liberato.

Hainbat eskutatik pasauko dan txirringa bat hiru personaren istorioak kontetako ardatza izango da; hiru istorio horreek, ganera, bizitzearen hiru sasoiri jagokez: nerabezaro, gaztaro eta zahartzaroari. Ramónek, 12 urte inguruko ume batek, tailer zahar bat bisitauko dau zulaturiko gurpila konpontzeko. Bertan, edadeko persona bat topau eta honek gurpil zulatua daukan bizikletea aldatuko deutso askoz hobea dan beste baten truke. Julia, 20 urteko gaztea da, herritik alde egin eta urira bizitzen joan dana. Juliak bizikletako mezulari modura egiten dau behar. Lan horreri esker, Auroragaz adiskidetuko da; Aurora edadeko persona bat da, itsaso ondoko auzoan bizi dana; auzo osoa, baina, behera bota behar dabe, etxebizitzek inguratuko daben etorbide barria egiteko.

La bicicleta abileziaz, maitasunez eta asmamenaz atondutako film apal baizen interesgarria da. Beharbada, sinple eta xumeegi agertzen jaku, pelikuleari gurata ezarritako demaseko baikortasuna dala eta. Ganera, filmean ez da hazurmamitzen, istorioan barrena proposaturiko guztia. Edozelan be, ideia sano original eta burutsua da eta hausnarketarako tarte polita opesten dau. Bestalde, antzezleen jarduna nahiko fina da eta horrek guztiorrek nahiz gidoi distiratsu ez baina egoki batek filma atsegina eta jakingarria izatea lortzen dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu