Erakusketa bat eta hiztegitxo bat Malevichen artea ulertzeko

Julen Gabiria 2006-07-05 02:00   Kulturea

Garagarrilaren 10ean hasi eta irailaren 10era arte, Bilboko Arte Eder Museoan, ‘Kasimir Malevich’ erakusketea egongo da ikusgai. Bertan, suprematismoaren sortzaile eta Europako abangoardiaren funtsezko figura izandako Kasimir Malevichen (Kiev, 1879–Leningrado, 1935) ehun lan baino gehiago bilduko dira.

Garagarrilaren 10ean hasi eta irailaren 10era arte, Bilboko Arte Eder Museoan, ‘Kasimir Malevich’ erakusketea egongo da ikusgai. Bertan, suprematismoaren sortzaile eta Europako abangoardiaren funtsezko figura izandako Kasimir Malevichen (Kiev, 1879—Leningrado, 1935) ehun lan baino gehiago bilduko dira.

Malevich XX. mendeko arteak euki dauen artistarik garrantzitsuenetakoa da. Bere teoria eta obra suprematistek objektutik aparteko arteranzko bidea zabaldu eben eta, ondorioz, erabateko abstrakzinoaren bidea hasi eban. Bere koadro, marrazki, diseinu arkitektoniko eta idazkien eragina gaur arte heldu da, eta bereziki nabarmentzen da euskal artista askorengan: Jorge Oteiza da, artista horreen artean, figurarik paradigmatikoena.

Erakusketa honek Malevichen lanaren ikuspegi zabala eskaintzen dau, ibilbide kronologiko baten bitartez: bertan dagoz bere lehenengo zirriborro inpresionistak, pintura sinbolista eta fauvistak, 1911 eta 1912 bitartean egindako nekazarien irudiak, eta konposizino kubofuturistak. Erabateko abstrakzinoaren aurreko pausoa izandako Eguzkiaren gaineko garaipena operearen jantziak eta eszenografia preparetako marrazkiak be jaso dira, bai eta obra suprematistak be: besteak beste, bertan egongo dira Errusiako Estadu Museotik (San Petersburgo) ekarritako Karratu gorria eta Karratu baltza obra enblematikoak. Horreekaz batera, obra post-suprematista asko be egongo dira. Erakusketea 1930 inguruan egindako lanakaz amaitzen da, hau da, nekazaritzaren inguruko figurazino eta ikonografiara bueltau zaneko lanakaz. Beste alde batetik, hamaika ‘arkitektoi’ egongo dira ikusgai, eta material pilotxoa be jaso da: artistearen liburuak, argazkiak, litografiak eta testamentu originala.

Baina erakusketa honen inguruko datuak emotea ez da nahikoa, batez be ikusita irakurleari guztiz ezezagunak egingo jakozan berba batzuk agertu dirala tartean. Hona hemen ba, laburrean, gida txiki bat erakusketara doazenek hobeto ulertu dagien korronte berezi horreek Malevichen artean euki eben zeresana:

Inpresionismoa eta sinbolismoa: XX. mendearen lehenengo hamarkadan, Malevichek eragin ugari euki zituan, lehenengo abangoardietako Europako mobimentuei esker. 1905 eta 1906. urteen artean, koadro inpresionistak egin zituan, eta, handik gitxira (1907-1910), sinbolismoa aztertu eban, kolore puruak eta fondo monokromoak erabiliz.

Fauvismoa eta primitibismoa: 1908 eta 1911. urteen artean, primitibismoaren eraginpean, Malevichek fauvismoaren aldagai bat garatu eban, kolore biziakaz, pintzelada arinagaz eta sinbolismotik hur egoan ikonografiagaz.

Primitibismoa eta cezánnismo geometrikoa: XX. mendeko Errusiako eskolea Natalia Goncharova eta Mijail Larionoven pinturearen neoprimitibismoaren eraginpean garatu zan, eta Malevichek personalizau egin eban estilo hori, cézannismo geometrikoagaz alkartu ebanean. Teknikoki, elementu figuratiboen geometrizazinoa, eskematismoa eta lerro biziaren erabilerea nabarmendu behar dira.

Kubofuturismoa: 1912-1913. urteetatik aurrera, Malevichek kubofuturismo izena emon eutsan bere obra batzuen estiloari. Lan hareetan, objektu eta personaien dekonstrukzino geometrikoagaz batera, mobimentua agertu zan, eta, batez be, kolore metalikoen paletea erabili eban. Modu horretan, baserri giroko munduaren estetikea eta zibilizazino industrial barriaren kultura urbanoa buztartu zituan.

Alogismoa: Malevichek alogista legez hartu zituan suprematismoaren aurreko obra batzuk. Errusiako poeta kubofuturistetan inspirauta, oinarri kubistea emon eutsien itxuraz loturarik ez euken objektu eta inskripzino batzuei.

Eguzkiaren gaineko garaipenaoperarako marrazkiak: 1913an, Malevichek Matiushinen Eguzkiaren gaineko garaipena operaren jantzi eta eszenografiarako zirriborroak egin zituan. Lehenengo ikuskizun kubofuturistea izan zan, performancearen aurrekaria, eta 1913ko abenduan aurkeztu zan San Petersburgoko antzoki baten.

Suprematismoa: suprematismoa Malevichek sortutako mobimentu formalista da, artea funtzino errepresentatibotik askatu gura ebana. Suprematismoak errealidade ikusgarria gainditu gura eban, gauzak oinarrizko formen bitartez erakusteko.

Arkitektoiak: arkitektoiak suprematismoaren bersino arkitektoniko-eskultorikoa dira. Malevichen ideia arkitektonikoen ekarpen nagusia izaera plastikoko arkitektura artistikoagazko obsesinoa da, eta obsesino hori ate edo leiho bako arkitektoi utopikoetan ikusten da.

Post-suprematismoa: hogeiko hamarkadaren amaieran, Malevich atzera joan zan figurazinora, gero eta stalinistagoa zan Sobietar Batasuneko nekazari errusiarren tragedia erakusteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu