Agurtzane Ormatza: 'Tripulazinoa itzelezkoa da, dana emoteko prest dago'
2006-06-29 02:00 BarriketanApaizac obeto espedizinoko produzino-laguntzailea
Abentura itzelean sartuta dabilz Agurtzane Ormatza eta Urtzi Gartzia. Apaizac obeto espedizinoagaz batera Quebecen barrena dabilz, paraje ederrez inguraturik. Bagilaren 5ean hasi eben ibilbidea eta bide erdia egin dabe honezkero. Lurretik itsasora begira emoten dabe eguna, ardurea bertan dabe eta. Quebec-en abiatu ziran lehengo euskal baleazaleen txalupa baten erreplikan eta 1000 itsas milia baino gehiago egin ostean, Red Bay, Labradorrera helduko dira.
Bikotea Montrealen bizi da eta hantxe izan eban espedizinoaren barri. Orain, ekimenaren produzino taldeko kideak dira. Agurtzanegaz jardun dogu bertako gorabeherez:
1.- Zelan sortu zan Apaizac obeto espedizinokoakaz joateko aukerea?
Montrealeko Euskal Etxean gengozala, Jon Maiak idatzitako e-posta bat ikusi genduan, espedizinoaren barri emonez eta honantza (Kanadara) etozala esanez. Maia laguna dogunez, eurekaz Montrealen batzeko eta alkarregaz afaltzeko idatzi geuntsen. Heldu ziranean, bertoko euskaldun batzuen etxean afaldu genduan danok. Afal ostean berbetan, esan geuntsen zelan Quebecera joateko asmoa geunkan espedizinoaren urtekerea ikusteko eta jaian parte hartzeko. Urtzi kazetaria danez, bere burua eskaini eban Quebeceko urtekerearen barri emoteko. Hurrengo egunean, Irusoin produzino-etxetik deitu euskuen esanez produzino laguntzaile bat behar ebela eta Urtziri eskaini eutsen lana. Espedizinoak itsasotik eta ibaitik egin behar eban bidaia eta Urtzik, barriz, lurretik. Beraren lana, batez be, grabazinoaz arduratzen dan kamaralariari behar eban laguntzinoa emotea zan.
Neu Montrealera aste gitxi batzuk lehenago heldu nintzan eta beragaz joateko prest nengoan. Ganera, pentsau genduan Urtzik be beharko ebala laguntzinoa lana egiteko, bidaia luzea zan eta. Gero konturatu izan gara holantxe izan dala.
2.- Zein da zuon beharra?
Hasieran kamaralariari laguntzeko ardurea euki arren, berehala espedizinoaren parte bihurtu ginan eta orain gure furgoneteagaz edozelako laguntzino logistikoa emoten deutsegu: euren janaria eroan (behar dabenean eskura eukiteko), behar dabena lortu, Euskal Herriaren (Albaola alkartea, Irusoin produzino-etxea, Kultur Atelier…), Parks Canada-ren eta espedizinoaren arteko zubi-lanak egin... Satelitearen bidez jarduten dogu nondik nora doazen jakiteko, zeozer behar daben... Hau da, erabateko laguntzinoa.
3.- Taldeagaz batera zodiac bat joaten da. Zelako beharra egiten dozue hareekaz?
Zodiac horretan Andoni kapitaina, Jean argazkilaria eta Olivier kamaralaria doaz. Eurei be behar daben laguntzinoa emoten deutsegu, gehienbat kamaralariari. Urtzik lortzen dau Olivierrek behar dauen guztia, berak grabautako materiala sailkatu, gorde eta gero Internetez bialtzeko. Hau batzutan nahiko gatxa izaten da, Quebecen egon arren, askotan ezinezkoa baita abiadura handiko Internet topetea... Askotan herri txikietan egon izan gara eta.
4.- Taldeagaz egoteko aukerarik izaten dozue, zelako hartu-emonak dozuez eurekaz?
Bai, ia egunero. Bidaiaren arabera. Eguraldi txarra egiten dauenean eta portu baten itxaron behar badogu, egun batzuk edota ia egun osoa pasetan dogu eurekaz. Momentu horreetan herritarren inplikazinoa igarten da: beti laguntzeko prest. Eguraldi ona bada, hau da, haizea euren alde badago, batzutan egun bi pasetan doguz eurekaz egon barik. Astean behin, grabautako materiala, idatzitako kronikak eta ataratako argazkiak Internetez Euskal Herrira bialtzeko, geratu egin behar gara. Baina, dana dala, oraingoan ia egunero geratzen gara zeozer behar badabe edota zein izango dan euren plana jakiteko… gure bidaia euren inguruan egiten gagoz. Egia esateko, bidaia aurrera joan ahala, gure artekoa sendotzen eta sakontzen doa. Gustura, oso gustura gagoz abentura honetan eta holako neska eta mutilakaz batu garalako.
5.- Zelan zoaze batetik bestera?
Gu furgonetaz gabiz batetik bestera. Bete-beterik doa, euren janaria, txalupearen eta zodiac-aren trasteak, kamaralariari jagokon materiala, gure maletak... Egunean hainbat kilometro egiten doguz. Gaur, berbarako, eurek 40 milia egin behar dabez ugarte batera heltzeko, baina dagoan eguraldiagaz ez dira helduko; hori dala eta, bide erdian geratu beharko dira. Baina guk, ugarte horretara heltzeko, ia 500 km egin behar doguz. Ugartearen eta kontinentearen artean izugarrizko itsasadarra dago, Gaspesi eta Brunswick Barria batzen dauzena.
6.- Jatorduak non egiten dozuez? Eta lo egiterako orduan zelan moldatzen zaree?
Jatorduak... ba, danetarik. Gehienetan armozu ona egiten dogu, gero supermerkadura joaten gara eguna pasetako frutea eta ogitartekoak erostera. Kanpoan jatea ez jaku gustetan, janari gehienak oso koipetsuak eta saltsa asko daukielako eta gu honezkero nazkatuta gagoz horreekaz. Lapikotxu bat be erosi dogu eta ahal dogun lekuetan guk egiten dogu jatekoa. Gero, heltzen garan lekuetan bertan bilatzen dogu lo egiteko lekua, askotan azkeneko momentura arte ez dakigu nora goazen edota non amaituko dogun eta. Leku merkeenetara joaten gara, danatariko lekutan egin dogu lo: errepideko moteletan, gazteen aterpetxeetan, bed&breakfast dalakoetan...
7.- Zelako eguraldia dozue han? Zuon beharrean eragiten dau?
Eguraldia... danetarik euki dogu. Ona danean, izugarrizko beroa eta humedade handia egiten dauenez, ba, atara kontuak, moskitoak eta danatarikoak dagoz. Baina ona egiten dauenean, txalupearentzako ona da. Txarra egiten dauenean, asko freskotzen dau. Giroa oso umela danez, sensazino termikoak berehala egiten dau behera. Batzutan, 10 ºC be izan doguz, haize bolada gogorrak, euria... Antza, Ternuan be hotz eta bero handia egiten dau. Labradoren garagarrilean oraindino neguko edurrak ikusten dira. Eguraldiak eragin handia dauka, horren arabera mobiduten da espedizinoa eta, eurekaz, gu geu.
8.- Honezkero lau aste pasau dira, erdia geratzen jatzue. Zelan ikusten dozue falta dana?
Baikor. Tripulazinoa gogotsu eta indartsu ikusten dogu, egun batzuk oso gogorrak izan arren, gitxi-gitxika gure helburutik gero eta hurrago egoteak indarra emoten deusku danori be. Aurrera egitea besterik ez dago. Red Bay da helburua, gure arbasoek egindakoa goraipatuko dauen jaian parte hartzeko. Euskaldunoi jaia gustetan jaku, hitzordua hor dago. Tripulazinoa itzelezkoa da, dana emoteko prest. Zer gehiago behar dogu haraino heltzeko, ba?
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!