Vers le sud
2006-06-27 02:00 Zinema kritikakVers le sud filman turismo sexualaz ganera, maitasun ordainduaren bila doazen andrazko honeen bakardadearen, desio ezkutuen eta kontraesanen gaia jorratzen da, hori guztiori Haitiren errealidade politiko gogorrak zipriztindua.
- Zuzendaria: Laurent Cantet.
- Herrialdea: Frantzia.
- Iraupena: 105 minutu.
- Antzezleak: Charlotte Rampling (Ellen), Karen Young (Brenda), Louise Portal (Sue), Ménothy César (Legba), Lys Ambroise (Albert), Jackenson Pierre Olmo Díaz (Eddy), Wilfried Paul (Neptune), Michelet Cassis (Charlie), Jean-Robert Pierre (gaztetxua).
- Gidoia: Laurent Cantet eta Robin Campillo; Dany Laferrière-ren La chair du maître liburuaren kontakizunetan oinarrituta. - Argazkia: Pierre Milon.
- Muntaia: Robin Campillo.
- Produkzino diseinua: Franckie Diago.
- Jantziak: Denis Sperdouklis.
Larogeiko hamarkadearen hasikeran, Haitin Jean-Claude Duvalier-en diktadura zorrotzaren pean bizi dira. Edozelan be, nazinoartean izen eta ospe handiko jomuga turistikoa da. Puerto Principeren itsasertz ederrean dagoan La petite anse hotela haitiar gazteen topaleku garrantzitsua da; gizon gazte honeek euren maitasun, lilura eta samurtasuna saltzen dabe erregalu eta dolar batzuen nahiz jateko onaren truke. Hotel horretan oporretan dabilzen Estadu Batuetako andra bik maitasunagaz nahastetan daben grina eta pasino ikaragarria sentiduten dabe hamazortzi urte inguruko Legba gazte erakargarriarengana. Vers le sud filman turismo sexualaz ganera, maitasun ordainduaren bila doazen andrazko honeen bakardadearen, desio ezkutuen eta kontraesanen gaia jorratzen da, hori guztiori Haitiren errealidade politiko gogorrak zipriztindua.
Film honek sano abiapuntu interesgarria dauka: mundu aberatseko hiru emakumezko helduk ugarte pobre batera joten dabe Estadu Batuetan lortzen ez daben berotasun eta maitasunaren bila, turismo sexualaren jardunean buru-belarri sartuz. Filmak ezelango morbo barik garatzen dau gai eztabaidagarri hau, baina lasaiegi dihardu, indarge eta motel. Bestalde, filmaren troinua askatzeko hainbeste garrantzia daukan egoera politikoa ia ez da kontuan hartzen eta amaierara arte azal-azaleko zertzelada batzuk baino ez dira agertzen.
Horrek guztiorrek ikaragarri makaltzen dau filma; istorio gazbakoa da, ahula, ikus-entzuleen interesa sortu eragiteko behar beste sendotasunik eta loturarik ez daukana. Kritika ironikoa egiteko amesa igarten da, baina hori be ezerezean geratzen da, pelikulearen erritmo apal eta geldoa nahiz erdipurdiko gidoi kaskarra dirala eta. Eskerrak zuzendariak antzezle onak aukeratzeko trebezia euki dauena; horrek, zorionez, nahiko arintzen dau filmaren kalidade eskasa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!