Isiltasunak Guggenheim hartu dau
2006-06-22 02:00 KultureaBagilaren 20tik aurrera, eta 2007ra arte, Guggenheim Museoaren halleko 103. aretoan, ‘isiltasunaren pintoreak’ izenekoen obrak dagoz ikusgai. Oin dala gitxira arte, espazio horretan bertan pop art korronteko lan batzuk ikusi ahal izan dira, eta museoak aurrera segiduten dau XX. mendeko korronterik garrantzitsuenen barri emoten.
Bagilaren 20tik aurrera, eta 2007ra arte, Guggenheim Museoaren halleko 103. aretoan, ‘isiltasunaren pintoreak’ izenekoen obrak dagoz ikusgai. Oin dala gitxira arte, espazio horretan bertan pop art korronteko lan batzuk ikusi ahal izan dira, eta museoak aurrera segiduten dau XX. mendeko korronterik garrantzitsuenen barri emoten.
60ko hamarkadan, New Yorkeko Guggenheim Museoak obra esanguratsuz eta garrantzitsuz osotutako pintura sorta bat erosi eban. Espresionismo abstraktuaren keinuen kontra egiten eben Estadu Batuetako artista gazteen lan hareek pop art estiloaren arrakastatik kanpora geratu ziran, baina orain, Guggenheim Bilbao Museoak berreskuratu egin ditu bere bildumatik artista hareek pintautako zortzi koadro, inoz baino argiago ikusi daigun gazte hareek zelako protagonismo barriagaz erabilten zituen koloreak, espresionista abstraktuen pintzelkaden arrastotik urrun: ‘isiltasunaren artistek’ hurreraketa erreflexiboagoa bilatu gura eben, kolorearen erabilereari jagokonez. Halanda ze, pinturea mihisean apliketan eben zuzenean, aldez aurretik inprimazino kaparik emon barik. Modu horretan, kolorea mihiseagaz bat eginda, hiru dimensinoko irudiak lortu gura zituen.
Esan dogun moduan, Kolore eremuen pintura erakusketea 2007ra arte egongo da zabalik, eta, bertan, Morris Louis (Baltimore, 1912-Washington, 1962), Kenneth Noland (Asheville, Ipar Karolina, 1929), Larry Poons (Tokio, 1937), Gene Davis (Washington, 1920-1985), Frank Stella (Malden, Massachussets, 1936), Jack Youngerman (Louisville, Kentucky, 1926) eta Jules Olitski (Snovsk, Errusia, 1922) artisten lanak egongo dira ikusgai.
Guggenheim Museoko Petra Joos konserbadoreak gogorarazo ebanez, Kolore eremuen pintura erakusketan batutako margolariek zenbait erakusketa egin zituen orain dala 40 bat urte, eta, erakusketa hareetan, espresionismo abstraktuak action painting korrontetik aparte euki eban bilakaerea nabarmendu zan. Erakusketa hareek antolatu zituen kritikariek arin baino arinago ipini eutseen izena bilakaera artistiko zabal barriari: ‘abstrakzino postpiktorikoa’ eta ‘pintura sistemikoa’ ziran izen barriak.
1961ean, New Yorkeko Guggenheim Museoa adi-adi parau zan espresionista barri horreen lanari: euren obrak erakutsi zituen eta oindino ezezagunak ziran pintoreen piezak eskuratzen hasi ziran. Azkenean, hiru urte geroago, artista barritzaile hareek panorama artistikoan sartzea lortu eben, Los Angeles County Museum of Art museoan egindako 'Abstrakzino postpiktorikoa' erakusketeari esker. Horren aurrean, Guggenheim Museoak beste erakusketa bat antolatu eban espresionismo abstraktuaren printzipioen kontra egozan artista gazte hareekaz: Pintura sistemikoa deitu zan erakusketa ha.
Kolore eremuen pintura erakusketea zabaltzen dauen koadroa Zarabanda (1959) da: mihise horren bitartez, ondo ikusten da Morris Louisek zelan pintetan eban: pigmentuak mihisearen gainetik jausten ixten zituan, eta, holan, alkarren artean gurutzatutako kolore zeharrargiko bandak sortzen zituan.
Petra Joos konserbadoreak adierazo ebanez, Morris Louisek bere hizkera propiora egokitu eban Helen Frankenthaler artistearen estudioan deskubridutako pintetako modu bat. Frankenthalerrek lirismoa emon eutsan espresionismo abstraktuaren korronteari, eta, pintzelak erabili barik, mihiseetan sartzen ziran kolore diluiduakaz pintetan eban. ‘Artista horreek formea eta kolorea buztartu zituen, kolorea erabiliz’, azaldu eban Joosek.
Kenneth Noland da erakusketan obra bi daukazan artista bakarra: 1964 eta 1979an egin zituan, eta tratau bako mihiseetan egin zituan berak be. Erakusketa honetan dagozan beste artista batzuen kontrara, Nolandek ondo egituratutako formetan eta ezohiko formatuko mihiseetan sartzen eban kolorea.
Artista honeek modu ugaritan erabili eben kolorea. Gene Davisek kolore desbardineko marra bertikaldun mihiseak egiten zituan, eta Frank Stellak, esate baterako, Hatra II (1968) margo esanguratsua dauka Bilbon ikusgai: koadro hori adibide ona da ikusteko artisteak zelan sartu eban marra kurboa eta zelan egiten eban lan gero eta eskala handiagoan. Frank Stellagaz batera, Larry Poons, Kenneth Noland eta Jack Youngerman sistemikotzat hartu zituen, sano desberdinak ziran arren. Youngermanek Long March II (1969) lana dauka erakusketan: koadro horretan, koloreak sortzen dituan mugak ikusten dira, eta Matisseren papel ebagien antzeko efektua sortzen dau. Azkenik, Jules Olitskik barritu egin eban pinturea sakabanatzeko teknikea, eta aerosolak erabili zituan, mihisea baino harago doazela emoten daben kolore-esparru amaibakoak sortzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!