Guakamolea

Benat Ormaetxea Aretxondo Jatetxeko Sukaldaria 2006-06-15 02:00   Jan edanak

Guakamolea nahikoa arin eta erraz preparetan dan saltsea da eta, beraz, amantala jantzi eta sartu gaitezan suetean.

Kaixo irakurleok, uda sasoian bete-betean sartzeko egun batzuk falta arren, eguzkia hasi da bazterrak berotzen eta oraingoan, gauza freskagarriakaz jolastuko dogu. Gurean daborduko oso ezaguna dan saltsa lagungarri bat preparauko dogu hasierako plater hotzakaz jan ahal izateko. Esandako moduan, ezaguna egingo jatzue saltsearen izena eta, segurutik, probauta be eukiko dozue, baina benetan ez da saltsa fuerte eta nekagarri horreetakoa. Saltsearen izena guakamolea da eta jakingo dozuenez, Hegoameriketatik datorren saltsea izan arren, gure inguruetan be erraza da ahuakateak topetea. Nahikoa arin eta erraz preparetan dan saltsea da eta, beraz, amantala jantzi eta sartu gaitezan suetean.

Osogaiak:

- Ahuakate bat.
- Tomatea, 200 gramu.
- Kipula bat.
- Tabaskoa.
- Ozpina.
- Gatz fina.
- Ekilore-orioa.

Zelan egin:

Guakamolea egiteko, ezer baino lehen, txiki-txiki egin ondo heldutako ahuakateak, kipuleta galdarraztatua, tomatea azalik eta hazirik bakoa eta gehitu tabaskoa, ozpina eta gatza norberaren gustura. Emultsionau 3 koilarakada ke-gustodun ekilore-oriogaz. Guakamolea ez daiten alperrik galdu eta denpora gehiago irautea nahi izan ezkero, gehitu koilarakada bat maionesa dana txikitu aurretik. Azken buruan, gorde hozkailuan plastikozko papelagaz estu-estu tapauta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu