Aita San Antonio, Urkiolakoa
2006-06-13 02:00 BertsolaritzeaUrkiolakoa,
askoren bihotzeko, maitea,
santu debotoa.
Aita San Antonio
Urkiolakoa,
askoren bihotzeko, maitea,
santu debotoa.
Ez dot esango nire santu debotoa danik, santu santuak be ez gara horretarako, baina estimetan dot Urkiolako santua, ikasle sasoian udako lehenengo jaien, Igorreko jaien barri ekarten euskuna… Estimau eta batez be kantau. Nork ez dau San Antonioren koplaren bat kantau inoz? Euskaldunen artean ehunetik ehunek. Izan be, asko dira bagilaren 13ko egunari, eta Urkiolako erromeriari egindako koplak. Ezagunenak gogorarazoteaz ganera, gaurko egunez horrenbeste bisitari jasoko dauen Urkiolako harriari buelta batzuk emongo deutsaguz, kasu honetan santuari irakurlearen jakinmina ase daian eskatzeko.
Sarean ibili gara, bilatzailea hara eta atariak hona, eta dokumentu interesgarriak topau doguz Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen www.trikimailua.com atarian. Bisitetako modukoa, testu honen osogarri moduan be bai.
Euskal Herrian erromeriak ikono izan dira, azken berba hori asmau orduko be. Santu edo santaren bat gorde dauen ermitea daukan tontorragaz edo mendiagaz dago lotuta erromeria kontzeptua. Santuaren egunean tradizino errotua da baseleizara igon eta santuari motibo desbardinakaitik erregua egin ez eze, alkarregaz ondo pasetea, soinu eta jantza, tragu eta mokadu. Eta erromeria leku ezagunik bada, Urkiola da bat. XIX. mendeko kroniketan agertzen da Urkiolako erromeria. Aurreko mendean be idazle ezagunen kronikak dira bagilaren 13ko jai egunaz. 1913ko biharamunean zera idatzi eban Kirikiñok Euzkadi aldizkarian: 'Urteokaz Urkiolaraiño eltzen diranak geien-geienak, ia guztiak, geutarrak dira, euskaldunak, geure odoleko giza-eme garbiak, ta orregaitik, Durangotik Urkiolara ta ostera, ez da agertzen ez asarrerik ez begirada itzalik, poza ta alaitasuna baiño; erdera gutxi entzuten da an'. Arean gehiago izango da aurton, ez dozue uste? Beroa be izango da, eta ez da barria: 'Urterik geienetan, eguraldi sargoritsuak edo eguzki berodunak izaten dira Deun Andoni egunak, eta amaika izerdi ta arnasots izaten da bide artan. Durangotik ara 10 kilometro dagoz, ta eurotatik 6 kilometro aldapa andiaz; onez ganera a bitxabala (karreterea) gerizpe gitxikoa da. Anka ta bular sendoak bear dira, ta gogoa sendoago mendigane artara igoteko oiñez. Baiña euskalduna ez da ikaratzen oiñez ibilteko; enda ona dauko orretarako; jatorriz da ibiltaria. Batez be, euskaldunak ba dauko musturra nun busti, ez da beingo-beingoan ukatuta geldituko. Eta zorionez, ba dago musturra bustiteko aukerea bide artan. Durangotik urten eta bereala eskumatara edatetxe bat; Ixurtza erri txikitxoan iru; eta Mañarin, sei bakarrik!'
Novísimo acordeón
Kirikiñoren kronikearen amaierea ez da eskasagoa: 'Aurten eguraldi ederra izan da. Gu, EGUNEKOA egiten dogun gizajook, ementxe gagoz kateaz lotuta dagoan txakurra lez, iñora urteteko unerik arrapau ezin dogula... automobillak erosi daiguzanean beste gauza bat izango da. Orregaitik, lotutze orregaitik, ez gara joan Urkiolara; baiña joan ez arren ba dakigu jente izugarria izan dala'. Guk autoa bai, baina azken esaldia geure egin beharko dogu. 1931an San Antonio egun berean idatzi eban Lauaxetak (Euzkadin hau be): 'Urkiolako eguna dogu gaur. Andoni deunaren eleiza nork ez dau ezagututen Euzkadi osoan? Arkaitz artean jarrita datza eleiz eder ori. Ara doaz euzko semeak, batzuk euren osasun billa, besteak gandur aietarik ibarren eta arroen edertasuna ikusteko'. Mutilzaharren eta neskazaharren barririk ez. Eta gaur be han izango da bat baino gehiago harriari hiru bueltak emoten…
Kantatzera nijoa
neska-mutilari,
batez ere urtetan
aurreratuari.
Ez bazaizu gustatzen
bakardade hori,
laguna eskaiozu
San Antoniori.
Kaxiano handiak itxi euskun perletako bat. Erromeri doinuak, akordeoia, eta zelan ez, trikitixea. Badakizue soinu txikia nahiko berandu sartu zala gure folklorean. Eta non agertuko estrainekoz eta Urkiolan! 1889 urtean aitatzen da lehenengoz soinu txikia gurean, Juan Carlos Guerra historialariak Euskal-Erria aldizkarian argitara emondako 'La Romería de San Antonio' artikuluan. Urkiolako erromeria deskribiduten diharduala, ondokoa dino: '…resonando sin cesar los más variados instrumentos, desde el chistu de antiguo abolengo basco, hasta la guitarra de moruna cepa y desde el histórico tambor al novísimo acordeón'.
Soinua jo eta fuego ari da, bere erritmoan kantauko daben eztarrien zain. Hemen dozue Urkiolako erromeriari egindako kopla ezagunenen bertsino bat, Juan Manuel Etxebarriak Zeberioko kantak lanean jaso ebana. Egilea ezezaguna dala adierazo guran, Urkiolara joan izenburuaren azpian 'Hitzak: herriarenak' dakar orriak. Ez dakit esateko modu zuzenena dan, baina bada egokiena, hitzak inorenak badira herriarenak diralako. Zeuk be kantau eta egin zeure.
Urkiolara joan,
zapatak urrutu;
gure san Antonio maiteak
barriak eingo 'itu
Askok egiten deutso
San Antoniori,
egun batean joan, maitea,
ta bestean etorri
Aita San Antonio
Urkiolakoa,
askoren biotzeko, maitea,
santu debotoa
Durangon bazkalduta
Mañaritik gora,
aldatz andia dago, maitea,
San Antoniora
Urkiolara joan
domuru santuruz;
lenengo preguntea, maitea:
Non dao Maria Jesus?
Iturrira joan da
laster da etorri,
mandazain mutilokaz, maitea,
tardau ezpaledi
Mandazain mutilaren
errosarioa,
birjina Santa Klara, maitea,
Erriojakoa
Amaitzeko, Lauaxetaren berbak lapurtuko dodaz barriro, gorago aitatutako kronikatik: 'Laiño zuriak dabiltz mendiz mendi, arkaitzak eguzkiaren mosua leenengoz artuten dabe, geure biotzak araxe eldu bitez zeruko eguzkiaren mosua gozatu daigun. Urkiolako Deunak zaindu gaizala'. Ez itxi dana santuaren esku.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!