Futbolagaz disfrutetako modu kulturalagoak

Julen Gabiria 2006-06-07 02:00

Egia da futbola eta sexua ebasinorako urtenbideak izan daitekezala, zelako edo holako katarsi personal eta kolektibo bihurtzen dira-eta bata zein bestea. Daborduko nahastuta egongo zarie: zertara dator futbolaren ganeko testu hau, kultureari jagokon atalean?

Bariku honetan hasiko da Munduko Futbol Txapelketea, eta, holan emoten badau be, dana ez da futbola izango Alemaniako txapelketeak irauten dauen hilabetean. Azken aldian erreportaje bat baino gehiago ikusi dogu txapelketea dala-eta sortu diran putetxe erraldoien ganean, baina dana ez da sexua be izango txapelketearen hilabetean. Egia da futbola eta sexua ebasinorako urtenbideak izan daitekezala, zelako edo holako katarsi personal eta kolektibo bihurtzen dira-eta bata zein bestea. Honezkero nahastuta egongo zarie: zertara dator futbolaren ganeko testu hau, kultureari jagokon atalean? Tira: futbola masen kulturea dala alboan itxita, guri ardura jakun kultura mueta serioago honek be lekua egin izan deutso sarri futbolari. Kultura horren barruan dagoz, besteak beste, antzerkia, literaturea edo artea bera.

Antzerkian, eta orain dala urte batzuetako lan bat gogora ekarrita, ezin dogu ahaztu ‘30 millones de gilipollas’, Eloi Beatok eta Mauro Entrialgok idatzitako obra ganberroa, gero liburu be bihurtu zana (antzerki obrearen gidoia eta Entrialgoren marrazkiak biltzen zituan, hain zuzen be). Espainia eta Brasilen arteko finala da Munduko Txapelketan, eta kaleak hutsik dagoz: finalaren barri ez daukienak baino ez dabilz atzera eta aurrera. Horixe zan antzerki lanaren argumentua, eta gustora ikusiko geunke futbolaren suak mundu guztia hartu dauen honetan be, barre apur bat egiteko gure artalde-ohituren kontura.

Literaturan, eta zehatzago esateko, euskal literaturan, ‘Odolean neraman’ (Elkar) nobelea idatzi eban Joan Mari Irigoienek 2004an. Izan be, Irigoienek beti euki dau zeozelako loturea futbolagaz, gazte denporan Realeko futbolaria izan zanetik. Eneko Ortega zan liburu horretako protagonistea: Realeko eta Bartzelonako futbolari izatera heldu zan, Euskadiko eta Espainiako selekzinoetako elastikoak jantzi ebazan; eta dirua, ospea, emakumeak eta abar lortu zituan arren, arrakastearen kargea be ezagutu eban. Balantzearen beste aldean, eta generoz be aldatuta, Andoni Egañak ‘Niri ez zait futbola gustatzen, eta zer?’ idatzi eban, umeentzako ‘Eta zer?’ sailean.

Nazinoartean, barriz, ospe berezia lortu dabe futbolaren inguruko liburuek. Besteak beste, sano gomendagarria da (futbola gustau zein ez) Eduardo Galeanoren ‘El fútbol a sol y sombra’ (Siglo XXI): liburu hori futbolari egindako omenaldia da, baina, era berean, munduko negoziorik handienetarikoaren podere-egituren kontrako salaketea be bada, eta gizakiaren handitasuna futboleko anekdoten bitartez kontetako saiakera bat be bai. Ryszard Kapuscinski poloniarrak ‘La guerra del fútbol (y otros reportajes)’ (Anagrama) liburua dauka, eta, bertan, beste kontu batzuen artean, Hondurasen eta El Salvadorren arteko ‘futbolaren gerra’ odoltsuaren barri emoten dau korresponsal beteranoak. Zerrenda labur hau amaitzeko, ezin ahaztu labetik atara barria dala Juan Villoro mexikarraren ‘Dios es redondo’ (Anagrama) saiakerea. Estadioak beteten dituan erlijino laikoaren kronika bizia da ‘Dios es redondo’ liburua: zelaian eta zelaitik kanpora presente dagoan ‘kirol erregearen’ mitologiak eta superstizinoak erakusten deuskuz. Duda barik, eta futbola fenomeno soziala danez (fenomeno mediatikoa dalako ete da fenomeno soziala, ala alderantziz?), aitatutako azken hiru liburu horreek gizarteagaz interesauta dagoan edozeinentzat dira gomendagarriak, ez forofo itsuentzat bakarrik.

Eta arteari jagokonez, Berlinera goaz oraingoan. Seguru gagoz euskal herritar bat baino gehiago hurreratuko dana futbolaren uriburura egunotan, eta, beraz, ez dago atxakirik hango Gropiusbau museoan antolatu daben erakusketea ez ikusteko: jakingura handia biztu dauen gertakari honen inaugurazinoan, Gerhard Schröeder kantzilerra eta Franz Beckenbauer futbolari handia egon ziran, eta, bertan, argazkiak, margoak, bideoak, tresnak eta instalazinoak dagoz ikusgai, danak be futbolaren estetikeagaz eta gaiagaz lotuta. Artisten artean, barriz, Andy Warhol, Markus Lupertz, Satch Hoyt, Gustavo Artigas eta beste izen ospetsu asko topauko ditu bisitariak, baina, duda barik, ikusminik handiena biztu dauena Federico Arnaud uruguaiarraren ‘Mirarien jolasa’ da. Futbolin bat da artelan hori, baina berezitasun bat dauka: Jesus agertzen dala atezain. Izan be, zer da futbola, munduko erlijinorik handiena ez bada?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu