Hard Candy

Joseba Terreros 2006-06-06 02:00   Zinema kritikak

Film polemikoa izateko hainbat osogai daukaz; beharbada ez dau eztabaida handirik sortarazoko, baina ikus-entzuleei, behinik behin, kontraesan moralaren kezkea eragingo deutse.

- Zuzendaria: David Slade.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 103 minutu.
- Antzezleak: Patrick Wilson (Jeff Kohlver), Ellen Page (Hayley Stark), Sandra Oh (Judy Tokuda), Odessa Rae (Janelle Rogers), Gilbert Jones.
- Gidoia: Brian Nelson.
- Musikea: Molly Nyman eta Harry Escott.
- Argazkia: Jo Willems.
- Muntaia: Art Jones.
- Zuzendaritza artistikoa: Felicity Nove.

‘Hard candy’-k film polemikoa izateko hainbat osogai daukaz; beharbada ez dau eztabaida handirik sortarazoko, baina ikus-entzuleei, behinik behin, kontraesan moralaren kezkea eragingo deutse. Argi dago ‘Hard candy’ eta David Slade zuzendaria pedofiliaren aurka dagozana. Pelikulearen abiapuntuan ez dago moral bikotxik, ez eta gai horretan zabaltasunez jokatzeko ezelango amesik be. Dana dala, zuzendariak filmaren estetikeari zelan edo holango erotikotasuna erantsi deutso, gai horretako kontraesanak agirian imintearren edo.

Ellen Pagek behar ezin hobea egin dau txano gorritxu errukibakoaren zereginean eta Patrick Wilsonek zuzen jardun dau otso ehizatuarenean. Pageren personaiak sano gaztetxu heldua aurkezten deusku, otsotegian sartzeko eta ha guztiz desegin eta hausteko prest. Ellen Page pedofiliaren aurka dago, baina istorioaren bigarren zatitik aurrera ustezko pedofiloaren aurka erabilten dauen neurriz kanpoko bortizkeria eta indarkeriaren ondorioz borreroa biktima bihurtzen dau.

Ikusi daitekeanez, honako film hau thriller psikologikoen multzoan sartu beharra dago; egia esan, pelikula mueta honeek gustoko dabenentzat, ‘Hard Candy’ produktu fresko eta interesgarria izan daiteke: ondo eginda dago, erritmoari eta tentsinoari eusten deutso, gai polemikoa jorratzen dau eta ez dau inor epel ixten. Hori bai, istorioaren abiapuntua sinisgarritzat jo ezean, nahiko enpagugarria izan daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu