Hiesa eta elikadurea
2006-06-01 02:00 Jan edanakElikadureak garrantzi berezia dauka hiesa daukien personakan. Hona hemen Amaia Laforga dietistearen gomendioak.
Igaz, 4,9 miloe persona kutsatu ziran Giza Inmunoeskasiaren birusagaz; hiesa euken personen kopurua 45,3 miloekoa izan zan eta, 3,1 miloe persona hil ziran hiesaren ondorioz, ONUSIDAren 2005eko txostenaren arabera.
Mugarik bako gaixotasuna da hiesa: ez dauka muga geografikorik, ezta muga biologikorik; ezagutzen ez jakozan arpegiak erakusten ditu. Interneteko birusak baino gehiagotan aldatzen ditu eraginak.
Hortik datoz txerto eraginkorra lortzeko arazoak. Hiesa herrialde garatuetan drama bihurtu da eta pobreetan, barriz, tragedia. Afrika baltzak daborduko ez dauka etorkizunik, miloeka lagun hil ditu hiesak, gazteak batez be. Asiako errealidadea ez da, oraindino, hain gordina izatera ailegau, baina ailegauko ei da. Hemen, herrialde garatuetan, gizarteak hiesagaz bizitera ohitu behar izan dau eta seropositiboek hiesagaz biziten ikasi behar izan dabe. Tratamentu erretrobiralek itxaropenerako ateak zabaldu dabez eta, gaur egun, gaixotasun kroniko bihurtu da. Hirugarren munduan, barriz, gaixotasun terminala da.
Desnutrizinoa eta hiesa
Desnutrizinoa era askotan ager daiteke. Ezagunena desnutrizinoa proteiko-kalorikoa da, elikagaien kantidadearen araberakoa. Kalidaderi erreparetan badeutsagu ‘gose ostendua’ topauko dogu: energia nahikoa hartu arren, elikagai batzuen erabilgarritasuna murriztuta dago eta bakotasunak agertzen dira. Normalenak burdinarena, A Bitaminearena eta Iodoarena dira. Sistema inmunologikoari jagokonez, Selenio eta Zinken bakotasunek be eragiten deutse.
Medikuntzearen ikuspuntutik, hiesak holan eragiten dau:
- Hesteetako xurgapena murrizten dau.
- Proteinak eta mikronutrienteak galtzen dira txisagaz.
- Anorexia eta sukarra agertzen dira.
- Bitamina antioxidanteen beharrak handitzen dira (C, E eta A Bitaminak).
- Gatz batzuen beharrak be igoten dira: burdina, zinka eta selenioa, berbarako.
- Antioxidanteen eta pro-oxidanteen orekea galtzen danean, ‘estres oxidatiboa’ agertzen da, zelulei kaltea eraginez.
Horrek guztiak organismoari eragiten deutso eta momentuan momentuko gaixotasunak agertzen diranean, egoerea larritu egiten da.
Tratamentu dietetikoa
Egiten diran gomendioak gaixoaren nutrizino-egoerearen araberakoak izaten dira. Sintoma bako etapan osasun ona mantentzea da helburua, dieta orekatua eta bizimodu osasuntsua. Momentuan momentuko infekzinoak, anorexia, beheranzkoa... agertzen diranean, atentzino berezia eskaini behar jake eta elikadurea kontrolau behar da, norberarentzat egokia dan dieteagaz. Beheranzkoa eta infekzinoak larriagotzen badira, pisua (% 10 baino gehiago) galdu geinke. (Wasting sindromea).
Gomendio orokorrak ondokoak dira:
- Egunero 4-5 otordu egin: armozua, hamaiketakoa, bazkaria, meriendea eta afaria
- Hiru otordu nagusietan karbohidratoak hartu: ogia, arroza, pastea, lekaleak eta patatak.
- Egunero, gitxienez, esneki bat eta elikagai proteiko bat jan: okelea, arraina, oilaskoa, arrautza.
- Gitxienez egunero hiru biderrez frutea edota barazkiak jan. Gordinik, egunean behin.
- Gantzei jagokenez, behar ez doguzan elikagai koipetsuak baztertu: txarrikiak, maionesea eta holako saltsak, mantekilea, txokolatea…
- Elikagai industrialak ebitau, kontserbanteak, koloranteak eta gehigarri lar daukiezanak.
- Frutak eta barazkiak gordinik jateko, ondo garbitu eta desinfektau.
- Txokolatea, kafea, alkohola eta tabakoa ebitau, estrés oxidatiboaren prozesua bizkortzen dabelako.
- Multibitaminikoak gomendagarriak izan daitekez (medikuari itaundu zeozer hartu baino lehenago).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!