Bizkaiko eskolartekoa finaletan
2006-05-31 02:00 BertsolaritzeaBizkaiko Umeen eta Gaztetxuen XXIII. Bertsolari Txapelketea aste honetan bertan da amaitzekoa. Bariku honetan, bagilaren 2an, jokatuko da finala, Bilbon.
Bizkaiko Umeen eta Gaztetxuen XXIII. Bertsolari Txapelketea aste honetan bertan da amaitzekoa. Idatzizko atala amaituta, bat-batekoaren kanporaketak jokatu dira aurreko astean, eta bariku honetan, bagilaren 2an, jokatuko da finala, Bilbon. Indautxuko Carmen aretoan izango da saioa, goizeko 11etan hasita.
Eskolartekoan bi maila bereizten dira: 14 urtera arteko umeak eta 15tik 18ra bitarteko gaztetxuak. Bizkaiko kanporaketak joan dan astean jokatu ziran Bermeon, Markinan eta Ondarroan. Laurogeita hamarretik gora parte-hartzaile izan dira guztira aurten, eta gehiengoa txikienen mailan. Maila honetan eskatzen dan lana ez da asko, eta horrek ume gehiagok lehenengoz parte-hartzea bultzatzen dau. Bermeon kantau eben eta ondoko sei bertsolariak sailkatu ziran finalerako:
Imanol Uria (Algorta)
Nagore Beitia (Bermeo)
Elene Lejarzegi (Lekeitio)
Jone Ansotegi (Markina)
Nerea Ibarzabal (Markina)
Ane Etxebarria (Mungia)
Eskualdeetako ordezkaritzeari begiratuta, Lea-Artibai da nagusi, hiru finalistagaz. Bertso maila ederra erakutsi ei dabe txikienek. Gaia entzun eta bertsotan hasteko hasikerako denbora tartea laburtzen ari dira azken urteotan, eta horrek saioaren bizitasunari mesede baino ez deutso egiten. Finalean, beraz, saio bizi-bizia espero da.
Ipar-Uribek eta Durangaldeak ordezkaritza zabala
Gaztetxuen mailako kanporaketak bi azpi-mailatan bananduta egin ziran. Aspaldiko urteetan egin izan da hori, baina azken urteotan finalean batera kantetan dabe 15-16 eta 17-18 urte bitarteko gazteek. Lehenengoek Markinan kantau eben eta nagusienek Ondarroan. Bi saioetatik puntuazino altuena lortu eben zortzi bertsolariak sailkatu ziran. Honeek dira zortzi finalistak:
Eñaut Uruburu (Abadiño)
Arrate Illaro (Algorta)
Itxaso Paia (Algorta)
Jone Uria (Algorta)
Miren Amuriza (Berriz)
Enea Pinillos (Elorrio)
Amaia Aurrekoetxea (Zornotza)
Beñat Romero (Zornotza)
Zortzikote esanguratsua osotu dabe finalistek. Batetik, espero zana, Ipar-Uriberen eta Durangaldearen nagusitasuna berretsi dabe; zortzitik seik (zerrendako lehenengo seiak), bi eskualdeek jokatu eben BBK sariketearen finalean kantau eben. Kopuruak ez dira kasualidade hutsa. Txikietan Lea-Artibaiko kasuan lez, Ipar-Uriben eta Durangaldean be gaztetxuetan egiten ari diran lan bikainaren ondorio baino ez da finalisten kopurua. Itxaso Paiak nagusien eskualdeko txapela be irabazi barri dau, eta orain igaz irabazitako eskolarteko txapela ez galtzea izango dau helburu. Talde lehiakorra izango dau ondoan, eta hori bai, albo batera zein bestera begiratuta neskatoak nagusi. Zortzitik sei neska dira gaztetxuen mailan, eta txikienetan seitik bost. Azken urteotako nesken nagusitasunak ez dau zalantzarako tarterik ixten. Bertsolaritzea soinekoz aldatzen ari da, eta gaur gaztetxu diran neska-mutikoek biharko bertsolaritzearen ezaugarriak irudikatuko deuskuez.
Maila polita espero da, beraz, bi finaletan. Barikuan, ganera, ez dabez eukiko Bizkaiko txapel bi jokoan bakarrik, bertan lortuko dira-eta Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako txartelak. Maila bakotxeko lehenengo bi sailkatuek ordezkatuko dabe jaurerria bagilaren 24an Altsasun jokatuko dan Euskal Herriko finalean. Bizkaiko loreen aurtengo uztea hurretik ezagutu gura badozue, badakizue zitea zein dan: barikuan Bilboko Carmen aretoan, goizeko 11etan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!