Je vous trouve très beau

Joseba Terreros 2006-05-31 02:00   Zinema kritikak

Gaur egun puri-purian daukagun globaltasun eta inmigrazinoaren gaia jorratu arren, honako hau ohiko komedia erromantikoa da, barrikuntzarik eta ekarpenik bape egin ez baina ondo bideratuta dagoana eta berotasuna heldu eragiteko gauza dana.

- Zuzendaria eta gidoilaria: Isabelle Mergault.
- Herrialdea: Frantzia.
- Iraupena: 97 minutu.
- Antzezleak: Michel Blanc (Aymé), Medeea Marinescu (Elena), Wladimir Yordanoff (Roland), Benoît Turjman (Antoine), Eva Darlan (Marais), Elisabeth Commelin (Françoise), Valérie Bonneton (Labaume), Arthur Jugnot (Pierre), Julien Cafaro (Thierry), Valentin Traversi (Jean-Paul).
- Musikea: Bob Lenox eta Alain Wisniak.
- Argazkia: Laurent Fleutot.
- Muntaia: Marie-Josèphe Yoyotte eta Colette Beltran.
- Jantziak: Anne David.

Je vous trouve très beau filmaren ezaugarririk behinena apaltasun eta sinpletasuna da, hau da, honako hau handigura bako pelikula klasikoa dogu, kontakizuna garatzeko eta irudiak aurkezteko moduari erreparauta. Eta seguru antzean lañotasun hori berori da filmaren alderdirik eder eta erakargarriena. Izan be, gaur egun puri-purian daukagun globaltasun eta inmigrazinoaren gaia jorratu arren, honako hau ohiko komedia erromantikoa da, barrikuntzarik eta ekarpenik bape egin ez baina ondo bideratuta dagoana eta berotasuna heldu eragiteko gauza dana.

Elena (Medeea Marinescu) Errumaniako ama ezkonbakoa da, Frantziara joateko tematuta dagoana jaioterriko miseria gorritik iges egitearren. Michel Blanc komikoa beti kexaka dabilen Ayme nekazari marmartia da, alargundu ostean, etxeko eta baserriko beharrak egiten lagunduko deutson andre bat behar dauena.

Komikotasuna oinarrituta dago Aymek Elenaren egonaldia justifikateko daukazan aurreeretxietan, bai eta alkar seduziduteko emoten dabezan jira-bira amaituezinetan be. Agirian dagoanez, proposamen hau betikoa da, baina Mergault-ek nahiko funtzional bihurtzen dau, antzezleen lan onari eta gidoiaren goxotasunari esker. Behinik behin irribarre egingo dozue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu