The Da Vinci code
2006-05-23 02:00 Zinema kritikak- Zuzendaria: Ron Howard.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 149 min.
- Antzezleak: Tom Hanks (Robert Langdon), Audrey Tautou (Sophie Neveu), Ian McKellen (Sir Leigh Teabing), Alfred Molina (Aringarosa gotzaina), Jürgen Prochnow (Vernet), Paul Bettany (Silas), Jean Reno (Fache kapitaina), Etienne Chicot (Collet tenientea), Jean-Yves Berteloot (Remy Jean), Jean-Pierre Marielle (Jacques Saunière), Marie-Françoise Audollent (Sandrine), Seth Gabel (Michael).
- Gidoia: Akiva Goldsman, Dan Brown-en nobelan oinarrituta.
- Musikea: Hans Zimmer.
- Argazkia: Salvatore Totino.
- Muntaia: Dan Hanley eta Mike Hill.
- Diseinua: Allan Cameron.
- Zuzendaritza artistikoa: Giles Masters eta Tony Reading.
Dan Brown-en nobelearen arrakasta komertzial ikaragarriak Sony Pictures bultzatu eban istorio hau zinemagintzara egokitzeko eskubideak erosten. Film honek sortu eragingo eban ikusmina aurreikusita edo, antzezle zerrenda bikaina aukeratu eben Ron Howard-ek zuzendu beharreko film honetarako. Ganera, Bizkaie!-n irakurri ahal izan zenduen lez, estreinaldia Europako Zinemaldirik entzutetsuenean, Cannesen egin eben aurreko astean. Kontuak kontu, zine jaialdi honetako kritikariak argiak baizen zorrotzak izan dira, pelikula hau kantsagarri, hutsal, handigura eta makaltzat hartuz.
Holakoak entzun eta pare bat egun igarota, pelikulea munduko pantaila guztietara ailegau da, marketing kanpaina ezin hobeak lagunduta, eta zoritxarrez kritikariek Cannesen esandako guztia baieztu ahal izan dogu.
Honako hau arima bako filma da, erritmorik eta sinisgarritasunik bape ez daukana. Teorian itzelezko inbertsinoa egin dabe suspense eta intriga nahiz heriotza eta konspirazino film sendoa aurkeztu ahal izateko, baina filmak ez deutso behin be iges egiten idatziz arazo barik erabili daitekean tempus korapilatsuegiari. Alkarrizketak lar zurrunak dira, seguru antzean azalpen gehiegi emon behar diralako, liburuan bata bestearen atzean kateaturiko troinuak askatzearren. Horren ondorioz, filma guztiz trabatuta agertzen jaku, ezelango bizitasun eta erakargarritasun barik, eta antzezleek be indarge eta ilun dihardue.
Laburbilduz, honako hau thriller gogaikarria da, literaturearen kode narratiboetatik urrundu ez eta aurrera larri-larri egiten dauena. Hori bai, aurten geurean gehien ikusiko dan filma izango da, eta arrazoia guztiz gizatiarra da: gaiak eragiten deuskun morboa. Horra hor masak gaur egun mobiduarazoteko giltzarria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!