Ekoturismoa zabaltzeko asmoagaz joan da Maixe Kieffer getariarra Ameriketara

Iratxe Ormatza 2006-05-22 02:00   Euskaldunak munduan

EchoWay, Ekoturismoan behar egiten dabenek beste bide bat eskaini gura deutse bidaiariei: turismoa egiterakoan alkartasuna eta ekologia kontuan hartzen daben lekuen barri emon.

Ekoturismoan behar egiten dabenek beste bide bat eskaini gura deutse bidaiariei: turismoa egiterakoan alkartasuna eta ekologia kontuan hartzen daben lekuen barri emon. Eta horregaz batera, ‘biajeak arduraz egitea’ bultzatu gura dabe. Hau da, ingurumenari, kulturei eta biztanleei ahalik eta eragin kaltegarri gitxien eragitea. Filosofia horren barruan, EchoWay gobernuz kanpoko erakundeak behar egiten dau. Izan be, izena hauxe dau: EchoWay, biaje arduratsurako aukerea.


EcoWaykoa da Maixe Kieffer getariarra. Eta aitatutako bidea jorratzeko, bederatzi hilebeteko bidaia egingo dau Mexiko, Guatemala, Nikaragua eta Costa Rican zehar. Ameriketatik dabilen bitartean Kiefferren asmoa komunidade-turismoaren eta ekoturismoaren barri emotea da, baita horretan dabizanakaz hartu-emonak izatea be. Ecowayko sortzaileak biajeak motxileagaz egikeran jaubetu ziran eurek be biajetako lekuetan egokeran ingurumena hondatzen ebela. Ezinegon horregaz batera, gobernuz kanpoko erakundea eratu eben.

Maixe Kieffer-ek Turismo ikasketak egin ditu eta horren ondoren turismoa jasangarri eta aldi berean menpekotasuna sortzen ez dauen turismoa bultzatzeko ikasketak be egin zituan. Ameriketan egiten dabilen biajean begiratzen dabil ia benetan euren burua ekoturismotzat joten daben lekuetan turismoak ingurumenean daukan eragina kontuan hartzen bada. Lekuak ebalueteaz gan, ekoturismoko eragileakaz behar egin gura dau.

Mexikon ibili dan bitartean, Cancun turismo lekuak ingurumenean sortzen dauen kaltea aztertu dau. Holan ba, ekoturismoaz gan, turismo handia jasoten daben lekuetako arazoak bere aztertu ditu. Mexikon Quintana Roon eta Chiapasen egongo da. Handik Costa Ricara joango da. Gero, Nikaraguan, inguru naturaletan behar egiten daben biaje-etxeetara joango da. Eta, azkenik, Guatemalan komunidade-lana egingo dau.

Azken urteotan, biajeak asko merkatu dira gurean. Atzerrira oporretan doazen euskaldunak inoz baino gehiago dira. Biajeak egikeran, baina, motxilakaz zein maletakaz, aterpetxeetara zein hoteletara, sarri ez gara konturatuten kalte larriak eragiten doguzala ingurumenean. Askotan ez doguz ikusten, leku batean hiru-lau egun eginda alde egiten dogulako, eta han ixten doguz gure hondakinak, Euskal Herriko biziteko moduak (ura alperrik galdutea, ‘nazinoarteko’ janaria jateko jokerea…). Kutsadurea, azken batean. Turismoaren inguruan dagoan guztia be ez da txarra, herrialde turistikoak horri esker bizi diralako. Gogoan izan beharko geunke, baina, diruaz gan ixten doguna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu