Mission: Impossible III

Joseba Terreros 2006-05-19 02:00   Zinema kritikak

Nahiko harrigarria da gaur egungo produkzino zinematografikoak ikus-entzuleak entretenidutearren jadetsi dauen artifizino mailearen handia eta ederra.

- Zuzendaria: J.J. Abrams.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 126 minutu.
- Antzezleak: Tom Cruise (Ethan Hunt), Philip Seymour Hoffman (Owen Davian), Ving Rhames (Luther), Billy Crudup (Musgrave), Michelle Monaghan (Julia), Jonathan Rhys Meyers (Declan), Keri Russell (Lindsey), Maggie Q (Zhen), Laurence Fishburne (John Brassel).
- Gidoia: Alex Kurtzman, Roberto Orci eta J.J. Abrams.
- Musikea: Michael Giacchino.
- Argazkia: Dan Mindel.
- Muntaia: Maryann Brandon eta Mary Jo Markey.
- Diseinua: Scott Chambliss.
- Jantziak: Colleen Atwood.

Nahiko harrigarria da gaur egungo produkzino zinematografikoak ikus-entzuleak entretenidutearren jadetsi dauen artifizino mailearen handia eta ederra. Zine ikusgarri hau pare bat ordutan eguneroko tensinoetatik askatzea eta arretea bahitzea gura daben personei zuzenduta dago, eta horretarako, jakina danez, ez da aparteko argumenturik behar, are gitxiago zinemagintza mueta hau aretoak bete eta dirua barra-barra ixten daben gazteentzat beren beregi atonduta badago.

Horixe da hirugarren 'mission' honek opesten deuskuna: erritmo ezin biziagoa eta metraje osoan luzatzen dan tensino narratiboa; halanda ze, Ethan Hunt-ek zuzentzen dauzan agente berezien taldeagaz batera kontinenterik kontinente ibiliko gara eta ezinezko erreskate baten ostean kontraeraso gogor eta sinisgatxagoa agertuko da, ikusgarritasunaren espiral ia amaituezin bati jarraituz. Girotze lan bizkor hau, bada, plano arin eta laburretan oinarritu dabe, ekarpenik bape egin ez baina filma ondo be ondo apaintzen dauen informazino osogarri piloa eskainiz.

Edozelan be, pelikula mueta honeen arriskua azaleko efektismo hutsean egon ohi da; honetan be 'Mission: Impossible III' hau eredugarria da, ikusi eta gitxira ahaztu egingo jatzue eta. Hori bai, onartu beharra dago hirugarren hau ondo eginda dagoana eta 2000an John Wook zuzendutako saskilkeria baino askoz be hobea dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu