Balendin Enbeitari gorazarre

Inaki Aurrekoetxea 2006-05-16 02:00   Bertsolaritzea

Muxikako Usparitxa-Jauregi baserrian sortu zan mundura, 1906ko maiatzaren 20an. Etxean bertan zaletasuna jaso eta gero, bertsolari handi bihurtu zan.

Ehun urte beteko dira asteon, zapatuan hain zuzen be. Muxikako Usparitxa-Jauregi baserrian sortu zan mundura 1906ko maiatzaren 20an. Etxean bertan zaletasuna jaso eta gero, bertsolari handi bihurtu zan Balendin Enbeita. Enbeitatarren historia errimatuan katebegi sendo bezain distiratsuak merezidu dau tartetxu honetan eskaini gura deutsagun gorazarrea. Muxikan ospakizunetan dira egunotan, eta urte osoan eukiko dabe gogoan herriko seme kuttuna.

Balendinen bizitzaz eta obraz joan dan astean idatzi eban atari honetan bertan Julen Gabiriak. 'Bizitzaren joanean' liburu autobiografikoa hari hartuta muxikarraren bizitza, frankistakaz bizitako kurutzebidea eta sortzaile moduan itxi euskun ondareaz jardun eban idazle galdakaoztarrak. Hona, haren obrearen lagin txiki bat dakargu, bat-bateko bertsolari moduan izan eban sonaz batera, bertso-jartzaile moduan itxi eban ondare aberatsaren erakusgarri. Balendinek Bizkaiko Bertsolari Txapelketea irabazi eban 1958an eta 1959an, eta sasoi haretan sortu eban, Pedro Ajuriagaz batera, Garriko bertso-eskolea. Idazle moduan be jardun oparoa egin eban. Olerki eta bertsopaper ugari argitaratu zituan sasoiko aldizkarietan, eta horrezaz gan, lekuan lekuko sortak be kantetan zituan. Horreetakoa da hona dakarguna. 1956ko irailaren 16an kantautakoak dira bertsook, Arantzazuko Euskaltzaleen Biltzarrean, bazkalondoan. ‘Nere Apurra’ (Auspoa, 1974) bere lehen liburutik jaso doguz.

Hizkuntzea izan zan Balendinen gai erabilienetakoa, bere euskaltzaletasunaren adierazgarri, eta sorta honetan zortzi puntuko lehen bi bertsoen ostean (jentaurrean kantautakoak izanda, sarrera solemnea neurri luzean eginda edo), sei puntukoakaz jarraitu eban sortea. On egin.

Iñaki Aurrekoetxea


ARANTZAZUKO EUSKALTZALEEN BILTZARREAN

1956ko irailaren 16ko bazkalondoan

Nere gorputza dardarka daukat
eta bihotza kantari,
niretzat behintzat gaur Arantzazuk
zeru txiki bat dirudi:
Bizkai, Gipuzko, Araba, Napar,
Zubero eta Lapurdi,
gaur Arantzazun besarkaturik,
berba emonaz elkarri,
erabagia hartuten dabe
laguntzeko euskerari,
Ama Arantzazu jartzen dabela
batzar honen zinaldari.
Eskerrak emon behar deutsoguz
ai hau egin dabenari,
indar berri bat eskatuagaz
Arantzazuko Amari.

Arantzazuko Ama barreka
dago arantza gainetik,
holako batzar zoragarria
Arantzazun ikusirik.
Bere bihotza gurekin dago
maitasun garrez beterik;
euskera maite izan daigula
ez dau agintzen besterik.
Gaur egunian maitasun hori
ia dakusat galdurik,
zer jazoten dan itandu eta
ez dago erantzupenik;
danok eskuak garbitzen doguz,
inok ez dauko errurik;
honexek dauka gure euskera
burua jaso ezinik.

Euskalerriko mendi ta zelai,
uri eta baserriak,
ibai, erreka, iturritxoak,
lora ta lilitegiak,
euskeriaren babes gozoan
bizi zirian erriak,
zaindurik bere oitura garbi
eta egizko legiak,
galdu-gordian ikusten doguz
bere edertasun guztiak;
jazoera honen errudun gara
euskaldun erdalzaliak.

“Euskalduna naz!” entzun nahi dogu
eta gainera harrokeriz;
esaten dogu: “Euskalduna naz
hizkuntzaz eta jatorriz!”.
Gehienok gabiz ospia edo
haundi izateko egarriz;
hau ikusiaz Ama Euskera
negar-malkozko iturriz.
Zapiok kendu, jagi gaitezan
euskeraren alde egiz,
eta maitatu Ama Euskera
egizko maitasun garbiz.

Ez dot esaten erdera ere
bihar dogunik baztertu;
erderea be, beste hizkuntzak lez,
bardin goratuten dogu.
Erderaz ondo ikasi baina
euskereagaz ez ahaztu,
Euskalerririk ez dagolako
euskera ezkero galdu.
Besten gauzari pakean itxi,
norberena ondo zaindu,
Euskalerria ez da galduko
euskera zaintzen badogu.

Emakumia mundu guztian
dabil modiai begira;
nundi edo handi helduko jaku
modia dagon lekura;
jantziko jaku, nahiz ta nabarmen
izan, modien jazkera,
barre egin arren bere itxurai
bape ez dautsa ardura.
Emakumetan sartuko balitz
gure hizkuntza modara,
mundu guztiak egingo leuke
haunditasunez euskera.

Itxi daiguzan geure arteko
eztabaidak ziero,
batu gaitezan euskaldun danok
anaitasunez maitero.
Euskerak galdu daben indarra
zigur, astiro-astiro,
geuganduko da, maitasun garbiz
guztiok lan ein ezkero.
Ez da indarrik maitasunaren
indarra menperatzeko.
Guk be euskera maite badogu,
ez da sekula galduko;
itzartu eta jagi gaitezan
belutu baino lehenago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu