Un franco, 14 pesetas

Joseba Terreros 2006-05-12 02:00   Zinema kritikak

Sendotasun narratibo handiz eta maila tekniko bikainaz atonduta jatorku Carlos Iglesiasen filma.

- Zuzendaria: Carlos Iglesias.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 105 minutu.
- Antzezleak: Carlos Iglesias (Martín), Javier Gutiérrez (Marcos), Nieve de Medina (Pilar), Isabel Blanco (Hanna), Iván Martín (Pablito), Tim Frederik (Pablo), Eloísa Vargas (Luisa), Aldo Sebastianelli (Tonino), Ángela del Salto (Carmen).
- Gidoia: Carlos Iglesias.
- Musikea: Mario de Benito.
- Argazkia: Tote Trenas.
- Muntaia: Luisma del Valle.
- Zuzendaritza artistikoa: Enrique Fayanás.
- Jantziak: José M. de Cossío eta Puy Uche

Hasiera batean Un franco, 14 pesetas filmak ikutu bigun eta apatzegia eukiko dauela emoten dau, baina aurrera egin ahala, opera prima honek argi eta garbi erakusten deusku sendotasun narratibo handiaz eta maila tekniko bikainaz atonduta dagoala. Era berean, ezin da albo batera itxi inmigrazinoaren ganean egiten dauen diskursoaren koherentzia: zer dan herrialde batetik bestera joatea, zelan bereganatzen diran herrialde barriko ohiturak, zelan ahazten diran sorterrikoak eta zer dan zuztar barik sentidutea. Alde horretatik ikusita, ez dago dudarik film honek etorkinen bizitzearen ganean esan beharrekoaren eredu ezin hobea dana.

Ikus daitekean lez, filma ikus-entzuleen bihotzera zuzenduta dago eta, alde horretatik nahiko film tradizionala izanagaitik, ideia nagusiaren interesgarritasunak, kontakizuna hornitzeko erabilitako apaingarriek eta antzezleen jardun onak film ona osotzen dabe.

Carlos Iglesias zuzendari, aktore eta gidoigileari eskertu behar jako hirurogeiko hamarkadako Espainia saskil eta iluna erakusteko eta inmigrazinoaren jazokera latzaren inguruan hausnartzeko euki dauen adorea. Egia da filma hainbat unetan lar eztia dana, baina zintzoa, benetakoa eta zentzunduna be bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu