Balendin Enbeita, mende bat
2006-05-09 02:00 BertsolaritzeaOingoan Balendin Enbeita gogoratu behar dogu. Samuel Becketten jaiotzearen mendeurrenaren gainean berba egin genduan lez, ezin albo batera itxi mendeurren berbera beteteko puntuan dagoan bertsolari muxikar handiaren izena: ‘1906an jaio nintzan, Balendin Berriotxoa, Elorrioko semea, beato egin eben egunean, Lorailaren 20an.
Aurten, atal honetako irakurleek ondo jakingo dozuenez, errepaso berezia gabilz emoten kultureagaz lotutako izen handien urteurrenei, pentsetan dogulako gure herri honetan izen eta merezimendu handiko baina ospe eta onarpen txikiko jente larregi dagoala, eta persona horreen izenak barriro atara behar dirala argitara, merezi daben lekua lortu dagien geure memorietan. Holan gogoratu ditugu, esate baterako, Felipe Arrese Beitia, Andima Ibinagabeitia edo Telesforo Monzon, eta oindino gehiago etorriko dira, urtea luzea da eta.
Oingoan Balendin Enbeita gogoratu behar dogu. Samuel Becketten jaiotzearen mendeurrenaren gainean berba egin genduan lez, ezin albo batera itxi mendeurren berbera beteteko puntuan dagoan bertsolari muxikar handiaren izena: ‘1906an jaio nintzan, Balendin Berriotxoa, Elorrioko semea, beato egin eben egunean, Lorailaren 20an. Hori dala eta jarri eustien Balendin izena. Nire aita Kepa zan. Euskadiko 'Urretxindorra' deitzen eutsoen. Ama, Benita Goiria, Ibarrurin, Egizabal baserrian jaioa. Aitita, Juan Antonio Enbeita, neu jaio nintzan Usparitxa-Jauregi baserrikoa. Amuma, Maria Renteria, San Roman auzuneko 'Muxika' baserrikoa. Aita, 1942an hil zan, 63 urtegaz. Ama, 1976an, 96 urtegaz. Aitita, 1928an, 80 urtegaz. Amuma, 1926an, 78 urte ebazala’. Holan hasten da ‘Bizitzaren joanean’ (Elkar, 1986) liburua, Enbeitak ondare lez itxi eban autobiografia ederra. Ederra, ez bakarrik bere bizitza sasoi oso baten hurreko lekuko izan zalako, ez bakarrik bere testigantzea eta presentzia guztiz beharrezkoa izan zalako bertso eskolen mobimentua eta bertsolaritzea bera suspertzeko: gainera, Enbeitak ondo idazten ekian, idazletzat be hartu geinke Urretxindorraren semea, eta holantxe geratu zan jasota aitagai dogun liburu horretan. Ez da kasualidadea: bertso-papelez eta olerkiez gainera, Enbeitak sarri idazten eban Euzkadi, Olerti, Zeruko Argia, Anaitasuna, Aranzazu, Karmel eta beste aldizkari askotan, poemak gehienetan.
Balendin zazpi urtegaz hasi zan ikasten, baina laster itxi eutsan eskolara joateari, baserrian lagundu behar eban eta. Hamasei urte euki arte, gurasoei laguntzen egon zan, beraz. Gero, ebanista ikastera joan zan, Okan egozan tailer batzuetara. Handik, Bilbora joan zan, arotz lana ikasten segiduteko. Lanbide horretan urte batzuk emon ostean, garraioan hasi zan gero, kamioiagaz, Imanol anaia lagun eukala. 1934. urtea zan, eta, handik urtebetera, 35ean, Klara Ealogaz ezkondu zan. ‘Transportean jarraitu genduan Espainiako Matxinadararte’, dino Enbeitak bere autobiografian: ‘Gerra harek eroan euskun kamioia, eta banandu ginduzan hiru anaiok: Sabin, Imanol eta ni. Imanol eta Sabin Euskadiko Gobernuaren zerbitzura eroan ebezan. Ni etxean geratu nintzan, gure Gernika erre arte’. Hori jazo zanean, Bilbora egin eban alde, eta, handik, Bizkargiko frontera bialdu eben, enlaze lanetara: ‘nire lana, parteak eroan eta ekartzea zan, eta frentean zauritzen ziranak eroatea. Bat baino gehiago bidean hil jatazan, gure eusko gudari sendoak’.
Faxistak Bilbon sartu baino hiru egun lehenago, zauritu egin eben Lezaman, eta, ondorioz, Santanderreko ospitale-komentu batera eroan eben. Handik gitxira, baina, italiarrak sartu ziran eta Laredon euki eben Enbeita atxilotuta, harik eta Francoren aldekoak heldu arte: ‘hemen hasi genduan kurutz-bidea’. Laredoko konzentrazino esparruan egon ostean, Santoñako Dueso kartzelara eroan eben, Santoñako fusilamentu triste eta ospetsuen garaian, eta handik, Puerto de Santa Mariara. Danetara lau urte egin zituan kartzelan, 1941ean askatu eben arte. Urte horretan hasi zan Enbeitaren benetako bizitzea, familiartekoa, umez inguratutakoa eta, batez be, bertsoetan oinarritutakoa.
Bost urte inguru zituala hasi zan bertso munduagaz interesetan, ‘aitagaz Bizkargin ikasitako bertso bat abestu nebanean’. Hamazortzi urtegaz hasi zan bertsotan modu serioagoan, eta, herriko jaietatik aparte, hauteskunde sasoian mitinetan be asko ibilten zan: ‘Aita, Uriarte eta ni izaten ginan gehienetan bertsolari, eta Agirre, Lauaxeta... etab. Hizlari’. Horren ostean, gerrea etorri eta itxi egin behar izan eutsan kanteteari, ze, bertsolaritzea delitua izateaz gain, lehen esan dogunez, lau urte emon zituan giltzapean. 1955ean hasi zan barriro bertsotan: gaztea zala itxi behar izan ebana gizon zaildua zala berreskuratu eban, ia 50 urte eukazala. Baina berezkoa daukanak ez ei dau sekula galtzen, eta 1958an, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, Balendin Enbeita izan zan irabazle: ‘nire bizitzako egunik ederrena ha izan zan, hainbat urtetako ixiltasunaren ondoren hainbat mila lagun eta euskaldun toki batean ikustea’. Sasoi haretan, gainera, Garriko bertso-eskolea sortu eban, Pedro Ajuriagaz batera, eta, modu horretan bertsolaritzearen historian mugarri bat ipini eban: haxe izan zan Euskal Herriko lehenengo bertso-eskolea, geroko frutu ederren lehenengo hazia. 1959an barriro irabazi eban Bizkaiko Txapelketea. Gerra ostean antolatu ziran Bizkaiko lehenengo bi txapelketak irabazi zituan, beraz.
Balendin Enbeitak idatzita itxitako lanen artean bi liburu aitatu behar dira: ‘Nere apurra’ (Auspoa, 1974) eta aitagai dogun ‘Bizitzaren joanean’ (Elkar, 1986). Gainera, ‘Jesusen bizitza’ antzezlan musikala be idatzi eban.
1986ko zemendiaren 20an hil zan, baserriko teilatua konpontzen egoala jausita. ‘Bizitzaren joanean’ liburuaren bigarren zatia preparetan hasita egoan. Jaio zanetik 100 urte beteko diran moduan, hil zanetik 20 urte beteko dira aurten, eta merezidu dau euskal kulturan erreferentzia izandako gizon hau gogoratzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!