Diasporan egin dabe lehengo aldiz ‘Euskal Herria Mugaz Gaindi’ mintegia

Iratxe Ormatza 2006-05-05 02:00   Euskaldunak munduan

Munduan zehar bizi diran euskaldunak aztertzen dituen ikertzaileen mintegia da 'Euskal Herria Mugaz Gaindi'. Eusko Ikaskuntzako Euskosare komunidadeak lehen mintegia orain dala hiru urte antolatu eban, Euskal Herrian. Aurten, barriz, Montevideora (Uruguai) joan dira.

Munduan zehar bizi diran euskaldunak aztertzen dabezan ikertzaileen mintegia da 'Euskal Herria Mugaz Gaindi'. Eusko Ikaskuntzako Euskosare komunidadeak lehen mintegia orain dala hiru urte antolatu eban, Euskal Herrian. Aurten, barriz, Montevideora (Uruguai) joan dira.

Hiru egunez jardun dabe mintegiaren gaia ardatz harturik: 'Euskaldunen presentzia munduan eta komunikabideak'. Euskosareko zuzendari Gonzalo Auzak nabarmendu dau Internet 'zabalik dagoan eta parte hartzeko aukerea emoten dauen bidea' dala. Hizlarien artean komunikabideen eta euskal gaien adituak egon dira, diasporakoak eta Euskal Herrikoak.

Mintegia Uruguaiko Biblioteka Nazionalean egin dabe, eta bertako zuzendaria izan da mintegiaren sarrera egin dauena, EHUko Oscar Alvarez Gila katedradunagaz batera. Uruguaiko presidente izandako Gonzal Agirrek bere berbaldia eskaini dau. Brasilgo eta Argentinako adituak be izan dira berbaldiak eskaintzen. Angeles de Dios Altuna de Martina argentinarrak 'Baskonia, haren historia eta ondarea, 1893-1993' izeneko berbaldia emon dau. Ricardo Marlettik Abdon Arostegi euskal argentinarrari eskaini deutso berbaldia; Arostegi idazle, kazetari eta iraulatzaile izan zan.

Diasporeak eta kanpoko komunikabideek Euskal Herriko gaiak zelan jorratzen dituen be aztertu dabe: Urugaiko prentsan Euskal Herriko albisteen oihartzuna, Buenos Aireseko La Nacion egunkariak Burgosko prozesuaren barri zelan emon eban, eta EAEko hauteskundeak Buenos Aireseko Clarin eta La Nacion egunkarietan. Euskaldunek erbestean Euskal Herriaren ganera izan daben ikuspuntua izan da beste alor bat. Batetik, Xabier Irujok Urugaiko prentsan Jesus Galindezek idatzi ebazan artikuluez jardun dau; eta, bestetik, Miguel Angel Perez Antonek erbestetik frankoren kontrako huelgak zelan ikusten ziren azaldu dau.

Diasporea eta komunikabideak be aztertu ditue. Esaterako Euskal Diasporako Nazinoarteko Alkarteko Daniel Constantino Bilbaok euskal diasporarako komunikabideez jardun dau. ETBko Jose Felix Azurmendik Internet bidez euskal diasporeak unean-unean Euskal Herriaren barri izateko aukeraz jardun dau.

Digitalizazinoa gaur egun garrantzitsua da jenteak aukerea izan daian artxiboak ikusi eta aztertzeko. Hori dala-eta, euskal gaiakaz loturik, Uruguain eta Argentinan egindako digitalizazinoen barri emon dabe.

Gai horreek eta beste batzuk be jorratu ditue. Baina berbaldiez gan, arteak eta kultureak lekua izan dabe. Batetik, Mikel Arrazola oñatiarren argazkiakaz erakusketea antolatu dabe: 'Euskadi, gaur egun'. Eta, bestetik, Bilboko Txistularien Udal Bandearen Txistulariek kontzertuak eskaini ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu