The Libertine
2006-05-05 02:00 Zinema kritikakLaurence Dunmore zuzendariaren azken filma, besteak beste, Johnny Depp, Samantha Morton eta John Malkovich aktore lanetan dituana.
- Zuzendaria: Laurence Dunmore.
- Herrialdea: Erresuma Batua.
- Iraupena: 115 minutu.
- Antzezleak: Johnny Depp (Rochester-eko kondea), Samantha Morton (Elizabeth Barry), John Malkovich (Karlos II.a), Rosamund Pike (Elizabeth Malet), Kelly Reilly (Jane), Tom Hollander (Etherege), Johnny Vegas (Sackville), Rupert Friend (Downs), Richard Coyle (Alcock), Jack Davenport (Harris).
- Gidoia: Stephen Jeffreys.
- Argazkia: Alexander Melman.
- Muntaia: Jill Bilcock.
Londresen, Errestaurazinoaren sasoi betean, Rochester-eko bigarren kondearen istorio hau daukagu; aro aurrerakoi honetan zientzien, artearen eta literaturearen loraldia ez eze sexu askatasun barria be sortu zan. Testuinguru honetan, konde honen ospea eta arrakastea bere izakera libertino eta talentuan oinarritu zan, hau da, bizimodu lizun eta menperagatxean.
'The libertine' filmaren publizidadeak dino honako hau urte osoko filmik eztabaidagarrienetariko bat izango dala. Aitamen ausartegi honen ganeko duda guztiak, ostera, pelikulea hasi eta gitxira desagertzen dira, istorio honen kemena, adorea eta polemikea inon be igarten ez diralako. Pelikula honetako klixe zinematografikoak ugariak dira eta, ganera, ez dogu igarten hasikera batean agindu deuskuen gordinkeria, lizunkeria eta eskandalua; azken batean, diskurtsoa eta filmetako ekintzak ez datoz bat.
Bestalde, libertinaje, hedonismo eta askatasun personalaren gaiak gorabehera, filmaren garapena nahiko ilun eta gogaikarria da, seguru antzean hain modu tematian aurkezten deuskuzan gai transzendentalak hazurmamitzeko gauza izan ez edo komertzialtasunaren bidetik zelan egin behar dan jakin ez dabelako. 'The libertine' filma bere dohainetan sinistu guran dabilen istorioa dogu, baina, zoritxarrez, denporea alperrik galtzeko aukera ezin hobea baino ez da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!