Esnea, edaririk aberatsena
2006-05-04 02:00 Jan edanakNaturan, ugaztunek esnea erabilten dabe kumeak hazteko. Bizitzako lehen urteetan behar diran proteinek, gantzek, bitaminek eta beste hainbat produktuk osotzen dabe likido zuri hori.
Naturan, ugaztunek esnea erabilten dabe kumeak hazteko. Bizitzako lehen urteetan behar diran proteinek, gantzek, bitaminek eta beste hainbat produktuk osotzen dabe likido zuri hori. Animalien artean, hazten joan ahala, esnea edateari itxi eta beste jateko batzuk aukeratzen dabez. Baina gizakia salbuespena da: gazteek nahiz helduek hartzen dabez esnea eta esnekiak. Natura jakintsuak esnea umeentzat bakarrik diseinau arren, helduok erraz edaten dogu baina ez da beti holan izan. Historiaurreko gizakiek umetan bakarrik edaten eben esnea.
Segurutik, helduek ez eben esnea asimiletan. Dana dala, Neolito garaian gizakia abereak jagoten hasi zan abeltzaintzea agertuz, eta horregaz batera esnea konsumiduten hasi ziran. Elikagai aparta zan eta, apurka-apurka umeak ez eze, helduak be edaten hasi ziran. Holan, eboluzinoak aginduta, gizaki helduek esnea asimiletako gaitasuna garatu eben eta, beraz, gaur egungo egoerea be ulergarria da. Esnea helduentzako be ona da.
Behi-esnearen nagusitasuna
Animalia asko izan dira gizakiaren lagun, baina behia nagusitu da esne-produktoreen artean. Ondorioz, gaur egungo gizakiak behiaren menpekotasun nabarmena dauka, munduan konsumiduten dan esnearen % 88 behi-esnea baita.
Dana dala, behiak ezin dira edonon hazi. Basamortuan eta lurralde garaietan, esaterako, ez dira egokiak animalia horrentzat. Beraz, inguru horreetako gizakiek beste abere batzuen esnea sartu dabe dietan: behorra, ahuntza, gamelua, astoa…
Esnearen garrantzia nutrizionala
Gehien hartzen doguna behiarena danez, honen konposizinoa azalduko dogu. Esnearen osogai ugariena ura da: % 90, hain zuzen baina bere garrantzia beste osogaietan dago:
- Gluzidoak: esnearen % 7 dira eta esneak dituan gluzidoen portzentaje handiena laktosea da.
- Proteinak: esnearen % 3’1 proteinak dira. Beste elikagaietako proteinak ez bezela, oso erraz digeriduten dira eta hazkuntzarako ezinbesteko aminoazidoak daukiez. Edoskitzean, umeaK beste proteina batzuk hartzen ditu. Horreen artean immunoglobulinak dira aitagarriak, antigorputzen lana egiten dabenak.
- Gantzak: esnearen beste osogai garrantzitsua lipidoak dira, % 3.5. Esnearen gantz gehienak triglizeridoak dira; bestalde, kolesterol-kantidadea handia izaten da. Horregaitik, esnearen gantzak fama txarra hartu dau. Baina lipidoen betebeharrak bi dira; alde batetik, energia-iturri ezinbestekoa dira eta, bestetik, bitamina liposolubleak garraiatzen dabez. Gantzik barik, bitamina horreek ez dira umearen metabolismoan sartzen eta hazkuntza-arazo handiak sor daitekez.
- Kaltzioa eta fosforoa dira mineral ugarienak, hazurretarako eta garapenerako behar-beharrezkoak.
Laktosea eta sabeleko mina
Hesteetan laktasa enzimeak zatitzen dau laktosea glukosea eta galaktosea lortzeko. Ugaztun jaiobarriaren berezko proteinea da; haztean, geldiro-geldiro galdu egiten da. Zenbat eta helduagoa izan, orduan eta laktasa gitxiago produziduten da. Helduak, beraz, laktosea ia erabat galduta, ezin dau esnea asimilau eta dietatik baztertu egin behar dau. Laktosea ez bada zatitzen, heste lodiraino jarraitzen dau bidea eta bakterioen hartzidurearen eraginez sabeleko mina, beheranzkoa, eta hesteetako beste hainbat gatx sortzen ditu.Dana dala, gizakiak estrategiak topau ditu arazo horreei aurre egiteko eta esnearen aberastasuna aprobetxetako: jogurta, mamia, gaztaia…. Baina horreek hurrengoan aztertuko doguz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!