Galizia, Flandria, Amazigh eta Euskal Herriko doinuak Galdakaon

Bizkaie! 2026-10-05 11:32   Musikea

XII. Musika Bizian jaialdia urriaren 30ean eta 31n izango da.

Ezkerretik eskumara: Julen Diez eta Oiana Telleria Andra Mariko kideak eta Iñigo Arriandiaga, Galdakaoko alkatea. | Ikusi handiago | Argazki originala



Nazino bako herrialdeen topaleku izango da beste urte batez Galdakao, izan be, Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak Musika Bizian jaialdiko 12. edizinoa egingo da.

Hainbat nazinotatik etorritako taldeak agertuko dira Iturrondo plazako oholtzan. Galiziako Faltriqueiras taldeak emongo deutsee barikuko kontzertuei hasierea eta horreen ostean Kalakan euskaldunak izango dira, 21:30etik aurrera.

Zapatuan, ostera, Flandriako Enbrum, Amazigheko Agraf eta Zuberoako Xiberoots taldeek musikea jarriko deutse gauari, 21:00etatik aurrera.

Kontzertuez gan, aurten be ez dau hutsik egingo Taberna Ibiltariak eta euskal kantutegiaren errepasoa egingo dau bariku arratsaldean; zapatuan, Iruñeko Ortzadar Fanfarrea arduratuko da kaleak animeteaz.

Musikari artisauak eta luthierrak be ez dira faltauko hamabigarren edizino honetan, eta urriak 31, eguerdian azoka tradizionalaz eta musika erakusketaz gozau ahal izango da. Umeentzako tailerrak be atonduko dira zapatu arratsaldean eta egun bietan, afarirako eta edanerako aukerea izango da.

XII. Musika Bizian

Jaialdiak estadu eta hizkuntza zapalduen bozgorailu izan nahi dau eta beste herrialde batzuetako musikea, kulturea eta hizkuntzak erakustea. Musika Bizian Andra Mari Eusko Dantzari taldeak 2014. urtean sortutako nazinoarteko jaialdia da, estadurik bako herrialdeen artekoa, hain zuzen. Andra Mariren helburuetako bat betidanik izan da euskal kulturea plazaratzea eta horretan dabil oraindino be baina munduan egon badagoz Euskal Herriaren antzeko egoeran dagozan herri eta aberriak eta, beraz, horreei ikusgarritasuna emoteko atondu eben 2014. urtean jaialdia.

Hizkuntza eta kulturgintza gitxiagotuetako herrialdeetako musika jaialdia izanik, munduko kultura-aniztasuna islatzea da asmoa. Jakin badakigu globalizazinoak musikea entzuteko moduak goitik behera aldatu dituala oso denpora laburrean eta, beraz, bada atzerriko musikea entzuteko aukera parebakoa eta, era berean, balioa emon gura izaten jake hegemonikoak ez diran hizkuntza eta kulturakandik asko ikasi daitekelako.

Faltriqueira

Pontedeumeko (Galizia) bost emakumek osotzen dabe taldea. Ahotsa da taldearen tresna nagusia, panderoez lagunduta. Faltriqueira taldea errespetu handia daukotso Galiziako musika tradizionalari eta 2002. urtean argitaratutako diskoan hainbat euskal musikarik hartu eben parte, berbarako, Oskorrik edota Kepa Junkerak. Taldearen ardatza musika tradizionala bada be, ibilbidea osoan mueta askotako proiektuetan sartu dira.

Kalakan

2009. urtean Hendaian sortutako taldeak euskerea dau ardatz eta kantu tradizionalean oinarritzen da; era berean, kantu herrikoien moldaketa minimalistak egitea da hareen berezitasun aitagarriena.

Kalakan taldearen musikan perkusino tresnak eta ahotsak dira nagusi. Musikearen oinarriak erabiliz, kideen asmoa da hartu-emon zuzenagoak topetea entzuleen artean. Kantu herrikoiei gaurkotasuna emoten deutsee, horretarako, kantu zaharrei erritmoak emon, edo pop eta rock’n’rollaren kopla-leloak erabilten ditue.

Enbrum

2003an, Flandrian sortutako folk talde indartsua da eta Europako eszenan oihartzun handikoa. Bost kideko motor musikal honen ezaugarri Nagusia tradizinoko doinuak XXI. mendeko erritmo progresibo eta modernoakaz buztartzea da. Euren zuzenekoak oso ezagunak dira alderdi jantzagarri eta biziengaitik baina momentu gogorra eta pasarte intimoenak bikain orekatzen ditue. Urteetako eskarmentuari esker, ikusleak erraz bereganatzen ditue plazan zein jaialdietan.

Agraf

Rif eskualdean sortutako taldea amazigh kulturakoa da. Rifeko doinu eta musika tradizionalak folk eta rock garaikideagaz buztartzen ditue eta euren abestiak riffian dialektoan (tarifit hizkuntzan) izaten dira, askatasunari eta giza duintasunari buruzko mezu sozial eta solidarioakaz.

Xiberoots

Euskal Herria eta euskerea dira talde zuberotarraren izatearen abiapuntua. Apurka-apaurka musikari bakotxaren eraginak taldearen musika estiloa aldatu dau, beti bere hasierako asmoari eutsita euskerea zabaltzea reggaearen bidez. Euren zuzeneko jai aldarrikatzaileei esker, indar handiko taldea da gurean. Neurri handian zubereraz abesten dabe eta euskalkia bera aldarrikatzeaz gan, belaunaldi barrientzako tresna bizi eta moderno bezela erabilten dabe musikea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu