Sara Alonsok Ida Amelie omendu dau

Bizkaie! 2026-10-01 00:00   Ibilian-ibilian

Gorbeia Suzien, maila ikaragarrian Gorbeialde kutunean

Arratiako bailarak badu esperientzia maila ikaragarria duten mendi korrikalariei
harrera beroa egin, inguruko lurrak erakutsi eta giro ezinhobean Zeanuriko plaza
inguruan festaz gozatzeko. Urteak pasa dira jada Gorbeia Suzien sortu zenetik; hain
zuzen ere, aurtengoa 13. edizioa izan da. Lokatza ez da protagonista izan, baina
hainbat egunetan lurrazala guztiz lehortuta egon ostean, xirimiriak lurra busti eta behe
lainoa sortu zuen. Zaleentzat hotz gehiegi, aukeran, batez ere, Aldamiñape inguruan,
itzaletan. Korrikalarientzat, ordea, sekulako tenperatura ona. Horren adibide dugu bai
mutilen kategorian bai nesken kategorian errekorrak hautsi izana.


32 kilometrotan eta 2400 m d+-ean zehar, Zeanuriko herrigunetik hasi eta San Justoko
ermitan gora egitean, Gorbeialde kuttunean murgiltzeko aukera aproposa eskaintzen
du Gorbeia Suzien lasterketak. Igoeraz igoera Andramariortura iritsi eta handik
Lekandako tontorrera igotzea da proposamena, bertikaltasun horrek duen eragina
kontuan izanda. Bertara iritsi orduko, ezker alderantz jo eta Arrabako zelaira belar
artetik jaitsi eta Gorbeiako aterpera iritsi arte. Handik gora, indarrak hartuta,
kresteriorantz abiatu, eta harri artean, Gorbeiako gurutzera iritsi. Bertatik, Aldamin
mendira jo eta handik harri artean maldan behera jaitsi ostean, Egiriñaotik
Aldamiñapera abiatu eta Julianen Txabolatik pasata Zeanurira itzulera bidea egin eta
helmugara iritsi.

Antzera aritu izan dira 21 kilometroko eta 1200 m d+-ko proba gauzatu beharreko
mendizaleak ere. Hauek, ordea, Gorbeiara eta Aldaminera igo beharrean, Arrabatik
Egiriñaorantz abiatu eta Aldamiñapetik Julianen txabolara jaitsi, eta handik, Zeanurira
iritsi. Maila galanta egon da, aurtengoan, proba “laburrean” ere. Kakotx artean diot,
labur horri errespetua galtzen ari baikara, eta zinez, oso lasterketa gogorra dela
honakoa ere. Ez diezaiogun errespetua galdu horrelako distantziei, desnibelei eta
bideei.


Gauzak horrela, Skyrunner Label izenez ezaguna den proba Skyrunner World series
baitan jaso da, eta atzerritik eta munduko toki ezberdinetatik etorritako mendi
korrikalariak, bertako, bailarako, Bizkaiko, Euskal Herri guztiko eta estatu guztiko
korrikalariekin parez pare aritu direla. Baso amaigabeetatik barrena, ikusleak ez dira
falta izan eta aldarriak eta aupadak Gorbeialdeko Parke Naturaleko bazter guztietan
izan dute oihartzuna.


Bukatze aldera, zuzenean jarraitu izan da, aurten ere, ETB1en eta Evasion TVren bidez,
telebistan eta youtuben, eta horrek ere, kirol honek, eta bereziki, herritik sortutako
proba honek izan duen garapenaren seinale da. Sara Alonso donostiarra eta Alain Santamaria errioxarrak izan dira nagusi 32 kilometroko probak, eta lehen esan bezala, biek ala biek errekorra hautsi dute. Ez hori bakarrik, mutilen kategorian, lehen seiek lortu baitute, errekor denbora horren barruan bukatzea. Ikaragarria maila. Hartara,urtean zehar ere, Gorbeialdetik ibilbideren bat egin nahi izanez gero, Gorbeia Suzieneko proben track-a jarraitzea gomendatuko nizueke, edota zatika egitea, egun ezberdinetan. Hitzordu ederra, gure Bizkaitik barrena!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu