Txapelketako zozketea eta segurtasun arauak, Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2026-09-18 10:03   Bertsolaritzea

Zapatuan (19an) jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehenengo saioa, Hazparnen. 

Bertako bertsoaldiak eskaintzeaz gan, Jon Agirresarobe Lopetegi Torrotxo alkarrizketatuko dau Hitzetik Hortzera saioan Mirari Martiarena Iraolak. Zapatuan hasiko da 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea, Hazparnen. Hasierea orain bada bere, aspalditik dabiz Bertsozale Alkartean Txapelketearen inguruko lanakaz. Hori kontuan izanda, Hazparneko saioko bertsoaldiak eskaintzeaz gan, Txapelketearen atonketan garrantzitsuak diran gai bi izango ditu berbagai domekako Hitzetik Hortzerak: batetik, Txapelketako zozketea; eta, bestetik, saioetan bete beharreko segurtasun arauak eta planak.

Agirresarobek 14 urte egin zituan Bertsozale Alkartean lanean, 2009tik 2024ra. Tarte horretan, Euskal Herriko lau Bertsolari Txapelketa eta lau final bizi izan zitun barrutik. Sustapen eragile hasi eta, ondoren, Bertsozale Alkarteko koordinatzaile be izan zan. Sustapen eragile zala, Txapelketako segurtasun planak egitea egokitu jakon, baita Txapelketako zozketak gidatzea bere. Lan horreek zelan egiten diran azaldu eta urte hareetan bizitako pasadizoak be ekarriko ditu gogora domekako Hitzetik Hortzeran.

Txapelketako lehenengo saioko bertsoaldiak, Hazparnetik

Bezperako saioko bertsoaldien aukeraketea ikusteko aukerea be izango da domekan. Zapatuan jokatuko dan saioan ondoko bertsolariek parte hartuko dabe: Eki Mateorena Zozaia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Miren Artetxe Sarasola, Peru Abarrategi Sarrionandia, Unai Anda Delika eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Gai-emoile lanetan, barriz, Aritz Bidegain Aire ibiliko da.

Kontuak kontu, domekan, hilaren 20an, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta, nahieran, ETB On-en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu