Txapelketeari ekiteko prest
2026-09-11 07:45 BertsolaritzeaHazparne izango da lehenengo geltokia, hilaren 19an.
Bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta atontzaileak Azpeitiko Sanagustin kulturgunean batu dira aurkezpen ekitaldian. Heldu da momentua, hilebeteetako prestaera lanen ondoren, ate-joka dogu 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea baina aurretik, ostera, bertsolari, epaile, gai-jartzaile, atontzaile eta bertsozaleak batu dira Azpeitiako Sanagustin kultur gunean, aurkezpen ekitaldian.
Ez da kasualidadea aurkezpena Azpeitian egitea. Aurtengo Txapelketearen sormen prozesuaren abiapuntuetako bat metro gitxira dago, Dinamoa sormen gunean, zezeiletik martira hor sormen egonaldiak egin baititue Txapelketeari irudia, soinua eta formea emoteko ardurea hartu daben sortzaileek. Kulturaz kooperatibeak eskaini deutse batzeko eta lan egiteko espazioa.
Hain zuzen be, sorkuntzeak izan dau leku berezia hasieratik. Ekitaldia hasi aurretik, Irati Antia Zuaznabar aurtengo Txapelketako iruditeria zuzenean serigrafietan ibili da eta Malen Agirre Sarasua finaleko eszenografia pintetan. Bilaka jantza taldeak emon deutso hasierea ekitaldiari, publiko artetik oholtzara egindako jantzeagaz.
Andoni Egaña Makazagak pare bat bertso eskaini deutsee Txapelketan parte hartuko daben bertsolariei eta ekitaldiaren amaieran barriro egin dau berba bertsotan. Antton Telleria Lopetegik egin ditu gidari lanak eta umorea be ez da falta izan: Adarbakarra taldeak Euskal kulturako kolonoskopia sketcharen zati bat eskaini dau lehenengo eta kantau be egin dau ondoren.
Txapelketearen sorkuntza prozesu kolektiboa izan da ekitaldian berbagai. Aurtengo irudia, eszenografia eta sintonia alkarlanean sortu dira, eta bertsolaritzea bera be ariketa kolektiboa dala azpimarratu da. Txapelketea bertsolaritzearen erakusleiho handiena bada be, bertso plazearen zati bat baino ez da; lau urtean behin, barriz, bertsolaritzea Euskal Herriko mapearen erdigunean jarteko aukerea eskaintzen dau.
Ainhoa Urien Telletxek be, nagusien izenean egin dau berba, Txapelketan zehar kargudunen taldea osotuko daben Ander Elortegi Garatea eta Xabi Igoa Erizegaz batera.
Aurtengo sintonia be aurkeztu da
Ekitaldiaren amaieran entzun da lehenengo aldiz 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako sintonia. Lumik (Nahia Zubeldia Arozena eta Manu Matthys Dottax) sortu dau aurtengo sintonia eta Bilaka jantza taldeak jantzn egin dau aurkezpenean.
Bertso saio bat hastera joian moduan amaitu da ekitaldia: sintonia entzunda, protagonistak batuta eta Txapelketeari ekiteko dana prest. Kontuak kontu, irailaren 19an izango da lehenengo saioa, Hazparnekoa, hain zuzen be. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian dagoz eskuragarri eta sarrerarik geratuko balitx, egunean bertan be izango dira leihatilan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
