Bilboko Udal Musika Bandeak irailaren 11n ekingo deutso 2026/2027 denporaldiari
2026-09-10 10:47 MusikeaBilboko Azkuna Zentroan, 19:00retan, Iñaki Urkizu Kerejetaren zuzendaritzapean.
Ibilbideak goiburuari eutsiz, egitaraura jatorri, estilo eta garai askotako sei obra batuko ditue. Kontzertua Julián Palancaren Goya lanagaz hasiko da; ondoren, James Barnesen Appalachian Overture eta José Francoren Euskalherria oberturea interpretauko dira. Musika-ibilbidearen bigarren zatian, Gerónimo Giménezen La Torre del Oro preludio sinfonikoa, Philip Sparken Orient Express eta Joe Hisaishiren Howl’s Moving Castle entzungo dira.
Bandaren buru Iñaki Urkizu Kerejeta izango da, 2007tik taldeko zuzendariordea. Donostiako Goi Mailako Musika Konserbatorioan tronpeta-ikasketak egin zituan Urkizuk eta ibilbide oparoa dau interprete, irakasle, zuzendari, moldatzaile eta transkriptore lanetan. Bere ibilbidean zehar Euskal Herriko hainbat musika-talde zuzendu ditu eta Bilboko Udal Musika Bandeagaz proiektu eta grabazino askotan parte hartu dau.
Kontzertu honegaz, Bilboko Udal Musika Bandeak Ibilbideak 2026/2027 denporaldi barria inaugurauko dau, uribatukoo ohiko agertokietako batean, Azkuna Zentroan, hain zuzen be.
Iñaki Urkizu Kerejeta (Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea).
Bilboko Udaleko Bandan hasi zan tronpetea joten, zortzi urtegaz, familiaren tradizinoari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara joan zan eta han bakarlari ibili zan hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Konserbatorioan egin zituan tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakasleagaz. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita Arrasate Musical entzutetsuan be.
Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askogaz alkarlanean ibili da, horreetako aitagarrienak honexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Arrasate Musical Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisóstomo de Arriaga Konserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zan. Bakarlari moduan egindako lana be aitagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistakaz eskainitako organoaren eta tronpetearen kontzertuetan.
Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzinoak egiteagaitik eta musika-banda askok jaso ditue haren lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikearen bilduma bat prestau dau eta horreen lehen lau zenbakiak argitaratuta dagoz: Jaialdia, Dantzaldia, Kantaldia eta Betikoskorri. Azken lan hori izenak adierazoten dauenez, Oskorri folk-talde ezagunaren omenez egina. Era berean, moldaketa asko musika-ikuskizunetarako egin ditu, besteak beste, Serafín Zubirirentzat Recordando a Nino Bravo eta El Baúl de los 70.
Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan da 1998tik eta banda horretan tronpeista bakarlari-plazea be izan eban. Urkizu Kerejetaren batutapean CD bat grabau da, Bergarako Orfeoiagaz batera, José Franco, Luis Aramburu, José Ma González Bastida eta Juan Arzamendiren lanakaz. Bilboko Udaleko musika bandeagaz be zenbait CD grabau ditu, bata Bilboko Koral Alkarteagaz bere 125. urteurrenean Kantuz Hari dan Herria izeneko musika-lana, abesbatza bi eta Bandarentzat berak idatzita, eta bestea Zarzueleari eskainita, Masa Coral del Ensanche, Miren Urbieta (sopranoa), Vicenç Esteve (tenorra) eta Fernando Latorregaz (baritonoa).
Zuzendari gonbidatua izan da Euskal Herriko zenbait Bandetan, Barakaldoko Udaleko Bandea, Durangoko Tavira Musika Bandea edo Gasteizko Udaleko Bandea, besteak beste. SGAEko kidea eta 2017tik Bilboko Udaleko Musika bandearen zuzendariordea da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
