Andrea Bidartek 'Ama Eskual Herria' argitaratu dau

Bizkaie! 2026-09-02 10:27   Musikea

Xalbadorren berbak eta Benito Lertxundiren musikea erabili ditu.

Andrea Bidart euskal diasporako ahots berezia da. Kalifornian sortua, baina euskal erro sakonekoa, euskal izaereari sendo eutsi deutson sendi batekoa. Orain, bere sustraiakaz lotura berezia dauen Ama Eskual Herria aurkeztu dau, Xalbadorren berbak eta Benito Lertxundiren musikeagaz.

Lertxundik aspaldi musikatu zituan Xalbadorren berba honeek baina kantua ez eban inoiz argitaratu. Orain, Andrea Bidarten ahotsa tarteko dala ikusten dau argia lehen aldiz. Diasporako ahots batek kanteteak esangura berezia emoten deutso kantu honi. Herria lurralde edo herrialde berben sinonimo izan badaiteke be, Herria arima kolektibo bat da, izan bat — gomutea edo oroimena dauena, berezko kultura eta hizkuntza bat —, eta Herri horretaz dabil Xalbador, etxean arrotza nagusi jarri ondoren bereari eusteko ja kapaz ez dan Herriaz, triste.

Euskal Herritik urrun, Andrearen aitita Beñat Bidart – Aitatxi Ben –, Kalifornian familiagaz bizi izan zan eta birlobakaz beti euskeraz egin eban, euskal izaereari etxean bizirik eutsiz. Xalbador bera be, Ameriketara egindako bidaia batean, Andrearen aitita-amamaen etxean izan zan eta horreekaz, jakina, euskeraz egiten eban berba.

Ama Eskual Herria.

Parte-hartzaileak


  • Singlearen azalean Lohiola, Aitatxi Benen sortetxea, agiri da, Ibarlan (Baxenafarroa), Andrearen lehengusu Sandrine artisteak kantu honetarako beren-beregi marraztua.
  • Grabazinoan Iñaki Diéguezek pianoa eta akordeoia jo ditu eta musika-moldaketak be bereak dira; Claudia Oses, biolinistea; Ritxi Salaberri, bajistea; eta Angel Unzu, gitarristea izan ditu lagun. Nahasketak eta masterizazinoa Erviti Studion egin dira.
  • Berbak: Xalbador (Ferdinand Aire)·
  • Musikea: Benito Lertxundi·
  • Ahotsa: Andrea Bidart.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu