Bermeoko XLI. Musika Asteari 70. urteurrena ospatzen dabilen Bermeoko Abesbatzak ekingo deutso
2026-07-29 10:04 MusikeaAbuztuaren 2tik 6ra, Santa Maria eleizea musika klasikoaren agertoki bihurtuko da.
Bermeoko Udalak atonduta, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz eta Oizmendi Telebistaren laguntzeagaz. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira Santa Maria eleizan eta sartzea doban izango da. Azken urteotan jaialdiaren agertoki nagusi bihurtu da Santa Maria eleizea, bere akustika apartari esker.
Musika Astea Bermeoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak atontzen dauen egitarau zaharrena da, baita errotuenetakoa be. Lau hamarkadatik gora daroaz kalidade handiko musikea eskaintzen, eta urtez urte publikoaren babesa eta fideltasuna jaso ditu. Aurtengo edizinoak be estilo eta proposamen artistiko ugari batuko ditu, tokiko talentua eta nazinoarteko erreferenteak buztartuz.
- Garagarrilaren 2a, Musika Asteari hasiera berezia emoteko aurten Bermeoko Abesbatzak, bere 70. urteurrenaren ospakizunen barruan eskainiko dau kontzertua. 1956an sortutako abesbatza herriko kultur ondarearen ezinbesteko erreferente bihurtu da eta belaunaldiz belaunaldi musikearen aurreko zaletasuna eta euskal kantuaren transmisinoa bizirik eusten ditu. Bere ibilbidean ehunkaka emonaldi eskaini ditu Euskal Herrian eta kanpoan, disko bi argitaratu ditu eta herriko bizitza kulturalaren parte aktibo izan da beti. Urteurren berezi honetan, bere historia eta ekarpena ospatzeko aukera parebakoa izango dabe, Bakioko Abesbatzagaz eta Aiarako Musika Bandeagaz batera eskainiko daben kontzertuan.
- Abuztuaren 3an, Ahaire Eho Flute Quartet laukoteak hartuko dau lekukoa. Lau emakume flautista dira taldekideak eta ohiko kontzertu-formatutik harago doazen proposamen artistikoak eskaintzen ditue, musikearen bidez publikoagaz lotura emozionala sortzea helburu daben ikuskizun murgiltzaileakaz.
- Musika Asteko nazinoarteko hitzordu nagusietako bat izango da, duda barik, Julian Kainrath biolinisteak eta Anton Gerzenberg pianisteak eskainiko daben errezitala, abuztuaren 4an. Europako belaunaldi barriko interprete nabarmenen artean dagoz artista biak. Kainrath nazinoarteko jaialdi eta areto ospetsuenetan ibili da, eta 2022an International Classical Music Awards sarietako Discovery Award saria irabazi eban, gazte interpreteentzako autortzarik garrantzitsuenetako bat. Gerzenbergek, barriz, 2021ean irabazi eban Zürich-eko Géza Anda Lehiaketa entzutetsua, eta 2024an Martha Argerich Steinway saria jaso eban. Musikari biek nazinoarteko ibilbide oparoa eta aparteko maila artistikoa buztartzen ditue eta Bermeoko publikoak mundu mailako kalidadeko kontzertu bereziaz gozetako aukerea izango dau.
- Abuztuaren 5ean, Aralar Quartet laukote nafarrak hartuko dau Santa Maria eleizea. Taldeak musika klasikoa publiko zabalari hurbiltzea dau helburu, errepertorio klasikoa eta egungo proposamenak tartetuz, eta azken urteotan hainbat musika-ziklo eta jaialditan parte hartu dau.
- Musika Asteari amaierea emongo deutso Silboberri txistu taldeak, abuztuaren 6an. Euskal musika garaikidearen barrikuntzan erreferente dan alkarteak txistuaren aukera artistikoak zabaltzeko lan egin dau sortu zanetik eta nazinoarteko jaialdi eta agertokietan erakutsi dau euskal musika-tresna honek gaur egungo sorkuntzan dauen indarra eta moldakortasuna. Silboberrik Bermeoko frantziskotarrakaz bizi dan Felix Ibarrondo konpositorearen pieza bi joko ditu Musika Astearen barruan eskainiko dauen kontzertuan.
Bermeoko Nazinoarteko Musika Asteak kulturea eta komunidadea lotzen jarraitzen dau urteri urte. Ehundaka artistaren, milaka entzuleren eta herritarren parte-hartzeari esker, Bermeoko kultur egutegiko ezinbesteko hitzordu bihurtu da. Horregaitik, Bermeoko Udalak herritar guztiak animetan ditu musikaz betetako aste berezi honetan parte hartu deien eta nazinoarteko zein bertoko talentuaz gozau deien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
