Euskadiko Arkitektura Institutuak 'Zabalguneak Euskadin' erakusketea aurkeztu dau

Bizkaie! 2026-07-16 09:28   Kulturea

Erakusketea irailaren 27ra arte egongo da zabalik Donostian.



Luis Tena Núñez komisario dauen erakusketeak XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran Europako urietan landutako uriak zabaltzeko proiektuak jarten ditu balioan. Harresiak eraistean askatutako lurra aprobetxetakoo eta eten barik hazten doan biztanleria hartzeko sortu ziran zabalguneak, uri historikoak ez zituen bizigarritasun eta bide-loturak eskainiz. Gaur egun be, zabalgune berbeak prozesu haren ondorioz eregitako urigunea izentetan dau.

Esangura horretan, XIX. mendeko zabalguneak Europako uri modernoaren jarduera urbanistiko garrantzitsuenetako bat izan ziran. Hazkunde demografikoari eta industrialari erantzuteaz gan, uriaren zabalkuntzea ulertzeko modu barri bat ezarri eben, plangintzan, higienearen printzipioetan, mobikortasunean eta trazadurearen erregulartasunean oinarritua.

XX. mendearen zati handi batean, Mobimentu Modernoaren korpus kritikoak baztertu egin zituan XIX. mendeko zabalguneak, uri-forma zaharkitutzat joten baitzituan, uri burges eta industrialagaz lotuta.

Erakusketaren aurkezpenean parte hartu dabe Denis Itxasok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Uri Agendako sailburuak; Luis Tenak, erakusketearen komisarioak; Carlos Arrutik, Maushaus-eko kidea eta Euskadiko Arkitektura Institutuko bitartekaritza arduradunak; eta Jose Angel Medina Muruak, Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak.

Erakusketearen ibilbideak Donostiako, Bilboko eta Gasteizko zabalguneak alderatu eta aztertzen dituan atala dakar. Horretarako, instalazino bat diseinau da, hiru zabalguneen oinplanoen gainean, lurrean orientazino eta eskala berean inprimiduta. Instalazinoak uri horreetako proposamen eta eraikuntza planoak gainjarten ditu, hareen bilakaerea eta garapen kronologikoa konparetako aukerea emonez.

Ondoren, erakusketeak nabarmentzen dau gaur egun ondare arkitektoniko eta urbanistiko autortua diran zabalguneak ez dirala jatorrizko plangintzea asmau ebenen idea bikainen emoitza hutsa, hausnarketa eta aberastasun kolektiboko prozesu luze baten ondorio dira: lehen proiektuak aberastu, findu eta edertu dituen aldaketa eta egokitzapen jarraituen emoitzea. Azkenik, erakusketea Maushausek sustatutako bitartekaritza artistikoaren emoitzakaz amaitzen da. Hiru artista garaikidek Gasteizko, Bilboko eta Donostiako bigarren hezkuntzako ikasleakaz lan egin dabe euren urietako zabalguneak berrinterpretetako. Emoitzea ondokoa da: Arquitecturas enredadas, Ensantxe: Player eta Collage. Uri-hutsuneari, memoria kolektiboari eta gure eguneroko jarduerearen oihartzunari buruz hausnartzeko animetan gaitue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu