2026ko Poesia Orduak irailaren 7an eta 8an Victoria Eugenia Cluben
2026-09-08 11:11 KultureaDonostia Kultura eta Euskal Idazleen Alkartea dira errezitalen atontzaileak.
Aurten be bi izango dira, Victoria Eugenia Cluben, iluntzeko 19:00retan: hilaren 7an, REC (Miren Agur Meabe eta Ibon RG) eta hilaren 8an, Gari errearen urrina (Fertxu Izquierdo eta BlekingeKale Bandea).
Kontuak kontu, kartela Maite Mutuberria ilustratzaileak egin dau.
- Irailak 7, REC
Laburdurea da, balioanitza, gailu elektronikoetan bideoa edo audioa grabetako APP aplikazino edo teklea adierazoten dauena.
Ikuskizunean Miren Agur Meabek eta Ibon RGk memoria poetiko baten grabazinoa antzeztuko dabe, idazleak 2000-2025 urteak bitartean egindako lanaren sintesi posibleetako bat.
Meabek bere ibilbidean nabarmendutako gaiak eta poema esanguratsuak sailkatu ahala, Ibon RGk kantu bihurtutakoak be izango dira entzungai, bere estilo esperimentalaren bidez. Testuak, hotsak, ahotsa, irudiak eta musikea buztartuz, hainbat item jorratuko ditue: identidadea, habitatak, gorputza, genealogiak, idazkuntzea, kontzientzia, kodeak edota kredoak.
Ahots bien topaldia eta kontrapuntua, hotsezko paisaje aldakor batean, memoria poetiko bati eusteko ahaleginean.
- Irailak 8, Gari errearen urrina
Emonaldiak izen bereko liburua dau abiapuntu. Fertxu Izquierdo idazleak kide dan BlekingeKale Banden taldeagaz batera errezitaldi punkerizadua eskainiko dau. Bertan, liburuko poemak errezitauko ditu, punk-rock doinuakaz buztartuta. Poema horreetako batzuk kantu bihurtu eta horreez gan, liburuan landutako gaiakaz loturea daben beste hainbat abesti be interpretauko ditue. Helburua da bizi dogun garaiaren gordintasuna ikuspegi poetiko eta musikal baten bidez aztertzea eta konpartidutea.
Liburuari jagokonez, bizi dogun sasoiari jagokon kronika poetikoa da, egilearen bizipen personalak, gizartearen bizipen kolektiboakaz nahastauko dira eta Gazako genozidioa, AEBetako poliziaren indarkeria, gure auzoetako uri eta giza paisajeak, memoriaren magaletan gordeta daroaguzan gatazkak, heriotzearen atzaparkadak versus erotismo fin batean batutako bizitzak...
Euskal Jaiak
Poesia orduak Euskal Jaiak programan txertatzen da (irailaren 2tik 13ra). Tradizino handikoak dira jaiok Euskal Herrian, hainbat lekutan egiten baitira eta Donostiaren kasuan jarraipena izan dabe. Hor ditugu estropadak, Sagardao Eguna, euskal jantzak, herri-kirolak... Euskal kultureak be bere espazioa izan dau Euskal Jaietan eta Poesia Ordua saioek leku hori beteten dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
