Lasala, Ertza, Marie de Jongh eta Koilara Teatro euskal konpainiek hartuko dute parte Fira Tàrregan

Bizkaie! 2026-09-08 08:11   Kulturea

Tarregako (Lleida) Fira de Teatre al Carrer azokea irailaren 10etik 13ra egingo da.

Etxepare Euskal Institutuagaz duen lankidetzeari esker, aurten Lasala, Ertza, Marie de Jongh eta Koilara Teatro konpainia eta taldeek jardungo dabe kale-antzerkia ardatz dauen azokan. Euskal ordezkaritza artistiko horrezaz gan, euskal arte eszenikoei eskainitako Basque. Performing Arts. jardunaldi profesionala hartuko dau jaialdiak irailaren 12an.

Lasalak ‘Burnt’ aurkeztuko dau, egungo gizartearen gehiegizko exijentzia eta konsumo-joerak abiapuntu hartuta, akidurearen eta burnoutaren inguruan hausnartzen dauen proposamena. Ertzak konpainiak, barriz, ‘Un’we’ eroango dau oholtzara, lan-esplotazino modu barriak, indibidualismoa eta sare sozialekiko mendekotasuna ardatz dituen dantza garaikideko pieza. Marie de Jonghek ‘Bo familia’ kale-antzerki ibiltaria plazaratuko adu, botere-abusua eta turistifikazinoa umorearen bidez jorratzeko. Azkenik, Koilara Teatrok ‘La llegada’ aurkeztuko dau, klowna, antzerki fisikoa eta berbazko trebezia buztartzen dituan lana, estralurtarren etorrera baten zuzeneko kontakizunetik ekinez irudimenezko uniberso bat eregitea dauena.

Euskal konpainien parte-hartzea Etxepare Euskal Institutuak euskal sorkuntza garaikidearen nazinoartekotzea sustatzeko egiten dauen lanaren barruan kokatzen da. Testuinguru horretan, Fira Tàrrega kultura-merkatu estrategikoa da: euskal sorkuntzearen erakusleiho izateaz gan, artistei nazinoarteko arte eszenikoen ekosistemako eragileakaz hartu-emonak sortu eta sendotzeko aukerea eskaintzen deutsen topagunea. Etxepare Euskal Institutuak urtero babesten dau euskal sortzaileen presentzia azokearen egitarauan, euren lanen nazinoarteko zabalkundea eta sektorearen profesionalizazinoa sustatzeko. Holan, euskal konpainiek azokeak eskaintzen dituan proiekzinoa, autortzea eta hartu-emon-sarea erabilteko aukerea dabe.

Basque. Performing Arts

Fira de Teatre al Carrer azokakearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzea sendotu egin da azken urteotan. Alkarlan horren erakusgarri dira, alde batetik, Basque. Performing Arts standa azokako eremu profesionalean eta, bestetik, izen bereko jardunaldi profesionala, Etxepare Euskal Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Alkarteak irailaren 12an Fira Tàrregan atonduko dabena. Jardunaldiaren helburua euskal arte eszenikoetako sortzaileen eta nazinoarteko programatzaile eta profesionalen arteko hartu-emonak sustatzea da, euskal lan eta ikuskizunen nazinoarteko zabalkundeari bide barriak edegi eta Euskal Herriko arte eszenikoen sektorea sendotzeko.

Fira Tarrega

1981ean sortutako jaialdia arte eszenikoen erakusleiho aparta da gaur egun, kaleko arteetan eta eremu publikoan arreta berezia jarten dauen programazino heterogeneoari esker. Arte eszenikoen topagune bihurtu da estaduan eta nazinoarte mailan. Aurten, arte eszenikoetako 40 euskal profesional, programatzaile eta ordezkari baino gehiago bertaratuko dira azokara. 

Etxepare Euskal Institutua

Etxepare Euskal Institutua euskerea eta euskal kulturearen nazinoarteko proiekzinoaz arduratzen dan Eusko Jaurlaritzearen erakundea da. 2010ean sortu zanetik, euskal sorkuntza garaikideari ikusgarritasuna emoteko, atzerrian euskerearen erakaskuntzea eta erabilerea sustatzeko eta nazinoarteko kultur lankidetzea sustatzeko lanean dabil.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu