Sedientos de Cumbia, Carla Delgado eta Nhil dira konfirmautako lehen artistak

Bizkaie! 2026-09-09 08:36   Kulturea

Uhinak goiburuari eutsiz dator Atlantikaldia irailaren 17tik 20ra.

Atlantikaldiak 2026ko edizinoaren lehen gakoak aurkeztu ditu Lekuona Fabrikan. Agerraldian Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Laura Landa Kultura teknikariak, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Sustapenerako zuzendariak eta Karmele Segura Laboral Kutxako komunikazino arduradunak parte hartu dabe. 

Errenteriako Udalak atonduta, Atlantikaldiak musikea, kulturea eta hizkuntza artistikoen topagune bihurtuko dau barriro be herria. Aurten Uhinak lelopean egingo dau, itsasoari begira dagoan, baina hortik harago doan kontzeptua: soinua, mobimentua, energia, transmisinoa eta konpartidutako oihartzuna lako uhinak.

Uhinek ez dabe mugez ulertzen: bidaiatu egiten dabe, eraldatu egiten dira eta erresonantzia sortzen dabe heltzen diran lekuan. Hori da Atlantikaldiaren esentzia, adierazo dau Aizpea Otaegi alkateak. Errenteria entzuteko eta alkar-topetako lekua izango da, kanpotik datozen musika eta kulturak hemen jaiotakoakaz alkarrizketan ibilteko

Aurkezpenean zehar aurtengo edizinoaren irudiaren barri be emon dabe, Nereak —Miss Bermi— eta Lisak —Keaideke— artistek alkarlanean sortua, edizinoko lehen kolaborazio edo Itsas Elkarrizketa lez. Kartela uhinak mobimentu, oihartzun eta transmisino elementu bezela hartzen dituan kontzeptua eta jaialdiaren bizi eta energia maila bidualean ordezkatzen ditu.

Maite Gartzia Kultura zinegotziak jaialdiaren izaera kolektibo eta kolaboratiboa azpimarratu ditu: Atlantikaldia ez da eszenatokietan bakarrik eregiten. Kultur eragile, alkarte, sortzaile eta herritarrakaz ehuntzen da. Inplikazino horrek emoten deutso benetako esangurea jaialdiari.

Atlantikaldiak bere ohiko guneei eutsi deutse: Itsasargi Nagusia Agirre Lehendakariaren Plazan, Herriko Plaza Udaletxeko plazan, Kalekaia Panier orubean eta Herrixka Foruen Plazan. Horreei Errenteriako ibaia, kaleak eta beste hainbat txoko gehitu eta jaialdiaren ibilbidearen parte izango dira.

 Egitaraua eta informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu