La Encartadako makineria historikoa berreskuratzeko asmoa dago

Bizkaie! 2026-07-16 08:32   Kulturea

Industria-ondarearen Europako erreferente baita.

Bizkaiko Foru Aldundiak industria-ondarea jagon eta balioesteko konpromisoa berretsi dau; horretarako, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoaren berreskuratze mekaniko eta funtzionalerako plana sustatu dau. Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek, Aldkultura zuzendari nagusia, Begoña de Ibarra eta Balmasedako lehen alkateorde Txetxu Txarramendieta Alconerok, museoa bisitau eta erakutsi dabe zelan egin dauen aurrera proiektuak, leku historiko hori industria-konserbazinoaren nazinoarteko erreferente bihurtutakoak.

Bisitaldian, La Encartadaren zuzendari Ainara Martinez Matíaren eta Joaquín Marco Saenz de Ormijana zaharbarritzailearen bitartez, agintariek hamar bat makina historiko ikusi ahal izan ditue martxan azken urte honeetan bultzatutako berreskuratze-prozesu bati esker, besteak beste, transmisino-ardatz nagusia, fibrea zabaltzeko, harilkatzeko eta trikotetako makinak, pertxa, Ninet ehungailua edo bolak. Foru-erakundearen kudeaketeari esker, ehun urtetik gorako makineria horri funtzionaltasuna bueltau eta herritarrei hurbildu jakee XIX. mendearen amaieratik Bizkaiko garapen ekonomiko eta soziala markau zituen produkzino-prozesuak.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak nabarmendu dauenez, La Encartada gure historia sozial, industrial eta teknologikoaren oinarrizko zatia da. Jagotea Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera estrategikoa da: ondare bakarra berreskuratzea, ondare hori posible egin ebenen memoriari bizirik eustea eta Bizkaia etorkizunerantz zabaltzea, ondare industrialaren konserbazinoan eta zabaltzean Europako erreferente lez.

2007tik, museoa zabaldu zanetik, La Encartada Fabrika-Museoa leku berezi bihurtu da. Ehungintzako lantegi zaharrak ia osorik eutsi deutse bere jatorrizko egitura eta hornikuntza mekanikoari; holan, ehun urtetik gorako ehungintza-bilduma teknologikorik osoenetako bat da Europan.

Multzo autentikoa danez, bisitariek aukerea izaten dabe murgiltze-esperientzia parebakoa biziteko: makinak behatzeaz gan, funtzionamenduaren zaratea be entzun leikie eta sasoi haretako lantegi baten usain bereziak antzemon, lanearena, koipearena edo taladrinearena). Konserbazino-maila horrek balio izan deutso Euskadiko monumentu-multzoaren izentapena lortzeko eta ERIHn sartzeko (European Route of Industrial Heritage), bereizgarri hori gordeta baitago Europako industria-ondarearen elementu garrantzitsuenentzat.

Kontuak kontu, BFAk landutako proiektu horren oinarria da makina historikoak leheneratzea da. Lan horri esker, 2016tik aurrera, hogei bat makina historiko leheneratu ditue, eta jatorrizko funtzionaltasuna bueltau deutsee. Horreen artean, ondokoak nabarmendu dira: Jacquard ehungailua, txapeletarako bolak, mozorkak, txapelak trikotetakoak, trapuak txikitzekoa, kordelak egitekoa, fibrea zabaltzeko Platt Brothers & C.º makina, matazetarako prensea, josteko Singer 24-56 1 makinea, Snoeck pertxea eta ebagigailu mekanikoa.

Horrezaz gan, azken urte bietan makina gehiago gehitu jakoz museoan berroneratutako ondareari. 2025ean, barriro be jarri ziran martxan Julius Kölher erremailadorea, anezketarako kanila-makinea (Encisoko Hilados y Tejidos Marín Lacoste enpresaren biltegia) eta Ninet & Co ehungailua. 2026an, barriz, hor dabiz zenbait leheneratze-lanetan: zuzen trikotetako Moses Mellor makinea eta irazkia, zerrendea, kanal hidraulikoa eta Voith turbinea. Azken jarduketa hori Europar Batasunak finantziautako Next Generation EU – Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez finantziau da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu