BilbaoMusikak Orkestra Zuzendaritzako XI. Topaketetan izena emoteko epea edegi dau

Bizkaie! 2026-07-15 10:17   Musikea

Lorenzo Della Fonte italiarra izango da irakasle konbidadua eta epaimahaiburua.

Bilbao Musikak zabalik dauka izena emoteko epea Orkestra Zuzendaritzako XI. Topaketetan – Bilbao Musika Zuzendaritzearen Nazinoarteko Sarian parte hartzeko. Topaketa honeek beste behin be Bilbao Orkestra eta banda zuzendaritzan sakondu nahi daben hainbat herrialdetako zuzendari eta zuzendarigaiak alkartzeko gune bihurtuko dabe.

Topaketak 2027ko urtarrilaren 19tik 22ra egingo dira eta, beste behin be, prestakuntza espezializatua eta Bilbao Musika Zuzendaritzearen Nazinoarteko Saria buztartuko ditue. Ikasle aktibo izateko hautatutako personek Bilboko Udal Bandea zuzenduko dabe saio praktikoetan; arratsaldeko eskola teorikoak eta tailerrak, barriz, ikasle aktiboentzat zein entzule moduan izena emon daben guztientzat zabalik egongo dira.

Aurreko hamar edizinoetan nazinoartean entzutetsuak izan dira Topaketetan, besteak beste, Johan de Meij, Jan van der Roost, Franco Cesarini, Thomas Doss, Bert Appermont, Douglas Bostock, Isabelle Ruf-Weber, Timothy Reynish, Miguel Etchegoncelay eta Alberto Roque. Aurten, Lorenzo Della Fonte izango da irakasle konbidadua. Turingo Konserbatorioko irakasle, zuzendari eta konpositore italiarra epaimahaiburu be izango da. Topaketen koordinazino akademikoa, barriz, José R. Pascual-Vilaplanaren esku egongo da barriro be. Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari konbidatu nagusia da.

Aurreko edizinoetan bezela, lehiaketeak hiru fase ditu: atarikoa, finalaurrekoa eta finala. Jasotako eskaera guztien artean gehienez hamar persona hautatuko dira ikasle aktibo izateko. Urtarrilaren 19ko eta 20ko saioen ondoren sei finalaurreko hautagaiak aukeratuko dira eta ondoren hiru finalistak, azken jardunaldian lehiatuko diranak. Finalaurrekoa eta finala jentearentzat zabalik izango dira.

Topaketen amaierea urtarrilaren 22an izango da, Juan Crisóstomo de Arriaga Konserbatorioan egingo dan amaierako kontzertuagaz. Bertan, hiru finalistek Bilboko Udal Bandea gidatuko dabe, honako obra honeek interpretauta: Resurgam (Eric Ball, G. Branden moldaketa), A Movement for Rosa (Mark Camphouse) eta Amazonia (Jan Van der Roost).

Irabazlea Bilboko Udal Bandako 2027-2028 denporaldiko zuzendari konbidadu izentauko dabe.

Izen-emotea

Bilbao Musika Zuzendaritzearen Nazinoarteko Saria 1991ko urtarrilaren 1etik Aurrera jaiotako zuzendari eta zuzendarigaiei zuzenduta dago. Eskaerak 2026ko urriaren 16a baino lehen biadu behar dira amaiabilbao@bilbaomusika.eus helbidera.

Informazino gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu