Joxan Oiz Arruti idazlea XX. mendeko euskal arkitekto biren historian sartuko da

Bizkaie! 2026-07-14 11:04   Kulturea

2026ko Euskerazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekeagaz idatziko dauen eleberrian.

Joxan Oiz Arruti. | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak eta BBVA Fundazinoak bultzatutako Euskerazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekearen 2026ko edizinoko aditu-batzordeak Joxan Oiz Arruti idazlea hautatu dau. Proposamena historiaren zirrikituetan arakatzen duen eleberria da. Gipuzkoako arkitekto biren arteko adiskidetasun-kontakizunaren bidez, bata falangistea, bestea jeltzalea, José Manuel Aizpurua eta Joaquín Labaien, biak eraikin arrazionalista ospetsuen egileak, ebaluazino-batzordeak nabarmendu dauenez.

1936ko Espainiako giro kultural eta politikoan, Arrazionalistea konplexutasun eta ñabardura handikoa eleberria izan daiteke, jasoten dau hautaketa-batzordearen akteak. 70.000 euroko zuzkidurea dauen laguntza horren helburua da beharrezko baldintzak eskaintzea egile batek urtebetez jarduteko bete-betean euskerazko literatura-proiektu bat idazten. Eusko Jaurlaritzeak eta BBVA Fundazinoak bultzatutako Euskerazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekearen hirugarren edizinoko aditu-batzordeak Joxan Oiz Arruti idazlea hautatu dau.

Batzorde ebaluatzaileak zehaztu dauenez, Oizek aurkeztutako proposamenak historiaren nondik norakoak arakatzen ditu, eleberria eregiten baita Espainian mobimentu arrazionalistearen aurrendari izandako XX. mendeko arkitektu biren arteko adiskidetasunaren inguruan: Jose Manuel Aizpurua, eleberriaren protagonistea, eta Joaquin Labaien, narratzailea. Biak eraikin arrazionalista ospetsuen egileak izan ziran, baina bata falangista zan eta bestea jeltzalea, dakar akteak.

Proiektuaren behin-behineko izenburua Arrazionalistea da, eta konplexutasun handiko eta ñabardura ugariko eleberria izan daiteke, ohartarazoten da hautaketa-batzordearen aktan. Aizpuruaren irudia izango dau ardatz, 1936an fusilau aurreko egunetan kontraesanez betetako ertz ugariko personaia. Gerrearen hurbiltasunak markautako Donostiako giro kultural eta politikoan barruratzen da, eta narrazinoan buztartuko ditu artearen inguruko eztabaidea eta garaiko jazoera politiko eta sozialak.

Artistearen eta gizonaren arteko dikotomia jorratzen dauen eleberria

Joxan Oizek planteetan dauen kontakizunak Jose Manuel Aizpuruaren bizitzan oinarri izandako alderdi biak ditu ardatz: bultzatu eban arrazionalismoaren eredu arkitektoniko abangoardistea eta militantzia falangistea. Jakin-min handiko gizona izan zan, eta jakin-min horren barruan sartu eitekezan Le Corbusier, Picasso, Dalí eta José Antonio Primo de Rivera lakoko figurak, aurreratu dau idazleak. Bere proiektuak arkitekto donostiarraren azken urteetako ibilbidea aztertu eta fikzionau dau. Ñabardura askotariko figurea izan zan eta praktiketan eban mobimentu artistikoaren oso bestelako ideologia eban: Aizpuruak arkitektura abangoardista barriaren bila ebilen, estilo erromantikotik aldenduz, aferak izan zituan abertzaletasunagaz eta, azkenean, Espainiako falangearen parte izan zan. Paradoxa horren inguruko fikzinoa egin nahi dot, eta aldi berean, artistearen lanaren eta gizonaren ekintzen arteko dikotomiari buruz hausnartu. Dualtasun hori aztertzeko, Oizek historiaren narratzailea beste arkitekto bat izatea pentsau dau, Joaquín Labaien, Aizpuruaren lagun eta bazkidea. Labaienen ahotsaren bidez Aizpurua topetea interesgarria da. Biak dira 1929ko Donostiako Klub Nautikoaren, Europako arrazionalismoaren ikurraren egileak, eta arkitektura-estudio bat edegi eben alkarregaz Donostiako Prim kaleko 32. zenbakian. Arrazionalismo arkitektonikoan bat etozan arren, arlo ideologikoan antipodetan egozann, Labaien abertzalea baitzan, eta Antonio Maria Labaien idazle eta EAJko politikariaren anaia. Horrenbestez, narrazinoaren ahotsa Aizpuruaren personaiaren kontrapuntua izango da, ahots lasai eta sosegatuagoa, protagonistearen alderik ganberroena eta ikonoklastena azalduko dauena, bien arteko adiskidetasun-istorioa jorratzen dauen bitartean, jakinarazo dau idazleak.

Aldi berean, egileak Aizpuruaren konplexutasuna islatuko dau eta, dinoenez, haren lagun minak izan ziran personaia historikoak barrubatuko ditu, hala nola Federico García Lorca eta José Antonio Primo de Rivera. Hiru intelektual izan ziran, hiru lagun min, hiru fusilau; gerreak zapuztu zituan haien bizitzak. Oraindino ez dakit zelan landuko dodan eleberriaren atal hori; akaso, beste plano narratibo bat sartuko dot. Edozelan be, hareen arteko hartu-emonez harago, kontau nahi dot lotura horreek agirian ixten dituela joan dan mendeko 30eko hamarkadako kultura-jarduerearen eta politikearen artean izandako hartu-emon nahasiak, nabarmendu dau Oizek.

Proiektuaren lehen hiru hilabeteetan, XX. mendeko bigarren eta hirugarren hamarkadetako kultura-abangoardiei buruzko dokumentazino eta ikerketa-lana egingo dau idazleak, baita horreekaz lotutako zenbait mobimentu politikoren, arkitektura arrazionalistearen eta 30eko hamarkadako Espainiako egoera politiko-kulturalaren azterketea be. Aldi berean, zirriborroagaz hasiko da.

Joxan Oiz Arruti Donostian jaio zen 1968an.

Euskal Filologia ikasi eta lizentziau ondoren, Argia aldizkarian eta Euskaldunon Egunkarian, kultura-sailean, ibili zan kazetari, erredaktore, ataleko buru eta, ondoren, zutabegile. 1992tik historia, euskera eta literatura irakasle da Donostian, Tolosan bizi dan arren. Irakaskuntzea eta idazteko bokazinoa buztartu eta zenbait eleberri idatzi ditu. 2006an Beñat Dardo argitaratu eban, Bernard Etxepareren, euskerazko liburu bat argitaratu eban lehen egilearen, biziteari buruzko fikzinoko birsorkuntza historikoa. 2025ean nobela baltzaren generoan estreinau zan Amazurtza lanagaz, XIX. mendeko Donostian girotua.

Hautaketa-batzordea

Hirugarren edizio honetako proposamenak balorau dituan aditu-batzordeko buru Jon Kortazar Uriarte idazlea eta literatura-kritikaria izan da, Euskal Herriko Unibersidadean Euskal Filologian doktore eta Euskal Literaturako katedraduna; idazkaria, barriz, Alex Gurrutxaga Muxika izan da EHUKO Hizkuntza eta Literaturako Didaktika Saileko irakaslea. Batzordeko kide izan dira: Katixa Agirre Miguelez, idazlea eta EHUko Ikus-entzunezko KomunikaziNo eta Publizidade Saileko irakasle agregatua; Aritz Galarraga Lopetegi, idazlea, editorea, literatura-kritikaria, Madrilgo Unibersidade Konplutentseko Hizkuntzalaritza Saileko irakaslea eta Literatura doktorea Bartzelonako Unibersidade Autonomoan eta Paue eta Aturrialdeko Unibersidadean; eta Lourdes Otaegi Imaz, Euskal Filologian doktorea eta aurretik EHUn Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle agregatua.

Euskal literaturea bultzatzeko programea

Eusko Jaurlaritzeak eta BBVA Fundazinoak alkarregaz ekin eutsen Xabier Lete Bekeari 2024. urtean. Bekearen helburua zan globalizazino-testuinguruan euskerazko literatura-talentua babestea. Zuzentzen jake erabateko dedikazinoa behar dauen literatura-proiektu handi bati ekiteko prest dagozan eta ibilbide finkatua dabe egileei. Bekearen zenbateko ekonomikoak, beraz, hamabi hilabetez dedikazino esklusibo horretarako aukerea emoten dau. Beka horren bidez, Eusko Jaurlaritzeak eta BBVA Fundazinoak euskerazko kultura-produkzinoagaz daben konpromisoa indartu eta euskal literaturearen kalidadea, aniztasuna eta aintzatespena sustatu.

Joan den urtean, bigarren edizinoan, Patxi Zubizarreta idazlea izan zan irabazlea, Txoriei begiratzen zien gizonari begiratzen zion emakumea proiektuagaz. Arlo intimoari eta egunerokotasunari buruzko eleberri introspektiboa da, emaztearen intimidadean nabeetako lehorreko babesleku batean ezkutatzea erabagitzen dauen itsasontzi-kapitain baten istorioa kontetan dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu