Gero eta mozolo gitxiago Bizkaian
2026-07-14 09:40 KultureaPopulazinoa % 73 murriztu da azken 20 urteotan.

Ardeola aldizkari zientifikoan argitaratu barri dan ikerketa batek zehaztu dauenez, mozolo europarrak (Athene noctua) Bizkaiko lurralde historikoan bizi dauen egoerea kritikoa da. Egungo datuak 90eko hamarkadearen amaierako langinketa zehatzakaz alderatu ditu ikerketeak eta egiaztatu dau espeziea bere kumatze lurralde ezagunen % 73tik desagertu dala 1998tik 2024ra bitartean.
Mozoloa 2022an sartu zan Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan, Zaurgarria kategorian, haren populazinoaren % 25 inguruko atzerakadea aurreikusten baizan. Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak ikerketa bati ekin eutson banaketea eguneratzeko eta Bizkaiko populazinoaren joerea zehaztasun handiagoz ezagutzearren. Lanak Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko ikertzaileek zuzendu ditue, Aranzadi Zientzia Alkarteagaz eta Icarus S.L. aholkularitzeagaz alkarlanean. Emoitzen arabera, 1998an ezagutzen ziran 272 mozolo-lurralde ugaltzaileetatik, egungo laginketak –2024an 1.600 landa-bisita baino gehiago hartu zituanak– antxinako kokalekuen zati txiki batean bakarrik berretsi ahal izan eban espeziearen presentzia: 272tik 55 eremu baino ez egozan okupatuta 2024an.
Jabi Zabalak, EHUko irakasle eta ikertzaile eta proiektuaren arduradunak, aurkikuntzen sendotasuna nabarmendu dau: Ikerketeak landa-lan zabala eskatu eban, espeziearen presentzia nabarmenagoa dan ugalketa-garaiko faseetan oinarrituta. 1998an ezagutzen zan lurralde bakotxa hainbat aldiz lagindu zea akatsak baztertzeko, eta errepetidutako visita horreek erabiliz egindako analisiek emoitzen zehaztasun handia berresten dabe.
Gainbeheraren arrazoiak: asfaltoa, urigintzea eta zelai eta landa eremuen galerea Ikerketan landutako eredu estadistikoek desagerpen hori azaltzen laguntzen daben hainbat faktore identifikau ditue. Urbanizazinoaren hazkundea, errepide-sarea zabaltzea eta belardi nahiz sega-larre tradizionalen galerea dira eragin negatibo handiena daben aldagaiak.
Agus Fernández-Álvarez artikuluaren lehen autorek eta Euskal Herriko Unibersidadeko ikertzaileak adierazo dauenez, landa-paisaje tradizionala eredu zatikatuago baterantz eraldatzeak, azpiegitura gehiagogaz eta kalidadeko espazio edegi gitxiagogaz, mozoloa zokoratzen dago. Fernández-Álvarezek zehaztu dauenez, sega-larreei eustea ezinbestekoa dala dirudi espeziearentzat, haren elikadura-gune Nagusia baita.
Bestalde, Iñigo Zuberogoitia ikerketearen egilekidea, gaueko harraparietan aditua eta 1998ko ikerketaren arduraduna, kezkatuta agertu da, eta paisajearen etxurearen aldaketa hutsetik harago doazen faktoreak aitatu ditu: Ikerketa honek errealidade kezkagarria erakusten dau gure gaueko harrapari adierazgarrienetako batentzat: mozoloak ia lau lurraldetik hiru galdu ditu Bizkaian hogei urte eskasen buruan eta horrek gainbehera demografiko dramatikoa adierazpten dau. Nahiz eta oraindino badagozan lehen begiratuan egokiak dirala emoten daben zenbait eremu, nekazaritzearen intensifikazinoa, harrapakinak hilten dituen pestiziden erabilerea eta eraikin zaharren zaharbarritzea –habia egiten daben zuloak ixten baititu– modu ikusezinean dagoz urritzen habitataren kalidadea.
Mozoloaren gainbeherea ez da jazoera isolatua; atzerakada nabarmena dau península osoan, baina orain arte ez zan zehaztasun horregaz neurtu, zehatz eremu atlantikoetan, datuak eskasagoak baitziran. Atzerakada horrek Bizkaiko ekosistema agro-pastoralen eraldaketea, abandonua eta degradazinoa islatzen ditu. Harrapari lez, gaueko hegazti harrapari txiki honek ingurumen-osasunaren adierazle gisa jokatzen dau.
Azterketa berriaren ondoren, Jabi Zabalak emoitza horreek ingurunean izandako aldaketen adierazle gisa daben garrantzia azpimarratu du: Mozoloa gure paisaien osasunaren adierazle bikaina da; haren gainbeherak gure landa-ingurunean eta bertako biodibertsitatean azken 25 urteetan izandako eraldaketa sakonaz ohartarazoten gaitu.
Ikerketeak ondorioztatzen dauenez, nahiz eta atzerakadeagaz lotutako arrazoiak identifikau diran (errepideen eta urbanizazinoaren eragina), atzerakadearen zati handi bat azaldu barik dago, eta ez dira ezagutzen mozoloa Bizkaiko azken babesleku gehienetatik kanporatzen dagozan mekanismo zehatzak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
