Ruben Bladesek sarrerak agortu ditu Vitoria-Gasteizko Jazz Jaialdian

Bizkaie! 2026-07-13 07:30   Musikea

Panamarrak Roberto Delgadoren big band indartsuagaz joko dau.

Espainiako birako lehenengo kontzertua egiteko astebete falta danean, Ruben Bladesek sold out kartelean jarri dau Gasteizko Jazzaldiaren 49. edizioan emongo dauen kontzerturako.

Musika latinoaren ikonoa datorren garagarrilaren 17an, barikuan, izango da Mendizorrotzan, Roberto Delgado buru dauen big band indartsuagaz batera. Amerikan izan ondoren, Ruben Bladesek bireari ekingo deutso Espainian datorren astean, Fotografías azken diskoa aurkezteko.

Kontuak kontu, barikuko saio bikotxa Magali Sarek eta Manel Fortiàk osotutako bikoteak edegiko dau.

Barikurako sarrerak agortuta badagoz be, Mendizorrotzako kontzertu guztietarako abonuak dagoz eskuragarri, eguaztenetik, hilaren 15era, zapatura, baita gainerako gauetarako sarrera solteak be, Take 6, Sun Ra Arkestra eta Snarky Puppy, besteak beste.

Vitoria-Gasteizko Jazz Jaialdiaren 49. edizioa astelehenean, hilaren 13an, hasiko da, Amaro Freitasen kontzertuagaz, Europa Jauregian, eta hilaren 18an amaituko da, zapatuan, The Bad Plus eta Snarky Puppy taldeen saio bikotxagaz, Mendizorrotzan. Gainera, musika kalean, jam sessions, zinea eta hitzaldiak be iragarri ditue.

Kontuak kontu, programazino osoa eta sarreren salmentea jazzvitoria.com webgunean edo Europa Jauregian dagoan dendan.

Jazza Europan garagarrilaren 13tik 18ra egingo da Gasteiz Uribideko Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu Auditorioan, eta egungo jazzaren joera eta soinu barrien emonaldi hautatua hartuko dau.

Astelehenean, hilaren 13an, eta martitzenean, hilaren 14an, 20:30ean hasiko dira kontzertuak; eguaztenetik, hilak 15, zapatura, hilak 18ra; azken horretan, 17:30etara aurreratuko da ordutegia, Mendizorrotzako kiroldegiko saio bikotxetara joateko jenteari aukerea emoteko.

Amaro Freitas brasildar pianista gazte indartsuaren hirukoteak saila inaugurauko dau. Nazinoarteko ibilbide oparoa dau, eta Pernambucoko musikariak jazz-barrikuntzeagaitik kritikearen esker onak pilatu ditu. Amazoniagaz izan dituan hartu-emonak bere musika inspirau eta soinu-paisaje naturalak eta piano-teknikak eskaintzen deutsoz, ekosistema horren aniztasuna gogorarazoz. Freitasek Sidiel Vieira kontrabajistea eta Rodrigo Digão Braz bateria izango ditu lagun, erritmo afro brasildarrak, inprobisazinoa eta espiritualtasun musikal sakona buztartuz.

Martitzenean, hilaren 14an, beste hirukote baten txandea izango da, New Jazz Underground estadubatuarrarena. Izen hori asmoen adierazpena da, jazzetik harago talde erreferentea izateko bidean dagoan talde berezia. Abdias Armenteros saxofonistea, Sebastian Rios bajistea eta TJ Reddick bateria goretsi ditue jazzaren etorkizun handieneko artista gazteen artean. Juilliard Schoolen ikasten egoala alkar ezagutu ondoren, hirukotea New Yorkeko parkeetan joten hasi zan 2020ko konfinamenduan. Publikoak hirukotearen soinu freskoa ezagutu eban bere egongelan joten egoan taldearen bideo biralen bidez, eta gaur egun grabazino horreek miloeka musikazale erakarten ditue, ez jazza bakarrik, modernidadez eta tradizinoz buztitako benetako adierazpen musikala transmitidutea lortzen baitabe. Hirukoteak Hoodies estudioko albuma kaleratu dau maiatzean, eta Vitoria-Gasteiz izango da estreinaldia egingo daben Europako lehen agertokietako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu