Mercedes Kareaga Gisasola (1908-1997) liburuaren aurkezpena Eibarren

Bizkaie! 2026-07-10 09:52   Kulturea

Begoña Etxenagusia Atutxa da ikerketearen eta liburuaren egilea.

Mercedes Kareaga Gisasola. Eibarko Udal Artxiboa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hurrengo eguaztenean, hilaren 15ean, Mercedes Kareaga Gisasola (1908-1997) liburuaren aurkezpena egingo da Eibarren, udaletxeko Osoko Bilkura Aretoan, arratsaldeko 18:00etan. Liburu hau 2022an kaleratutako Mercedes Kareaga ikerketa-bekearen emoitzea da.

Begoña Etxenagusia Atutxa da ikerketearen eta liburuaren egilea. Kazetaritzan lizentziaduna eta Historian doktorea dan Begoña Etxenagusiaren ikerketa-esparru nagusia kolonialismoaren ingurukoa izan da. Marokoko espainiar protektoraduan prostituzinoak izandako presentzia nabarmena aztertzen dauen La prostitución en el Protectorado español en Marruecos 1912-1956 bere doktore-tesia 2019an aurkeztu eban Bartzelonako Pompeu Fabra Unibersidadean.

Halan da be, beste hainbat gairi buruzko artikuluak be argitaratu ditu: 99/22 Spassk, marinos vascos en el gulag (Deia), hamalau euskal marinelen patuari buruzkoa; edo Claudek: paisaje de devastación (Deia) Claude-Marguerite de Kinnoull argazki-kazetari ingelesaren historia: 1937ko apirilaren 24ko eta 25eko bonbardaketen ondoren, Eibar oraindino sutan zala, handik egun bira hondamendia erakusteko argazkiak atara zituana.

Urte biko ikerketearen emoitzea datorren astean aurkeztuko da: Mercedes Kareagaren bizitea eta, zehatz, gizartegintza arloan izandako ekarpena balioan jarri nahi izan dau egileak.

Bai bekea, baita liburuaren edizinoa be, Euskal Herriko Unibersidadeagaz lankidetzan egin da. Aurkezpenaren egunean bertan liburua erosteko aukerea egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu