Jaialdiak 22. edizinoa egingo dau garagarrilaren 11tik abuztuaren 15era
2026-07-09 11:04 MusikeaUrdaibaiko Organoak - Joxe Mari Eguileor Jaialdiak Gernika-Lumoko Santa Klarako organo zaharberritua izango dau barrikuntza nagusi.


Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak hartu dau gaur goizean Urdaibaiko Organoak - Joxe Mari Eguileor jaialdiaren 22. edizinoaren aurkezpena. Aurtengo jaialdia Organoa, museo bizia lelopean egingo da. Aurkezpenean izan dira Aitziber Ansotegi Urremendiko gerentea, Joxe Benantzi Bilbao jaialdiaren koordinatzailea eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jaubetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria.
Aurkezpenean azpimarratu danez, Urdaibaiko Organoak kontzertu-ziklo hutsa baino askoz gehiago eskainiko dau, izan be, Busturialdea-Urdaibaiko organo-ondarea berreskuratu, jagon eta ezagutarazoteko egitasmoa da. Hogei urte baino gehiago daroaz Europako organo historikoen multzorik berezienetako bati bizirik eusten eta uda partean ondare hori herritarrakana hurbiltzen, kulturaz eta aisialdiaz gozetako bestelako aukera batzuk eskainiz.
Aurtengo barrikuntza nagusia Gernika-Lumoko Santa Klara komentuko organoa izango da. Aquilino Amezua y Cía. lantegi ospetsuak 1910ean eregi eban tresna hau lehenengo aldiz izango da jaialdiaren barruan. Eusko Jaurlaritzeak komentua eskuratu eta organoa zaharbarritu ondoren, garagarrilaren 11ko inaugurazino-kontzertuan entzungo da barriro, sortu zaneko egitekoari helduz.
Urkiri Salaberriaren eretxiz, Santa Klarako organoa jaialdira batzeak erakundeen arteko lankidetzeak gure kultura-ondarea babesteko dauen balioa erakusten dau. Organo bat zaharbarritzea ez da ondare-elementu bat konpontzea bakarrik, barriro ahotsa emotea da, eta etorkizuneko belaunaldiei gure ondarea transmitiduten jarrai deien bermatzea.
Aurtengo edizioa momentu baikorrean dator Busturialdeko organo-ondarerako. Gaur egun, Bermeoko San Frantzisko eleizako organoa, Muxikako San Bizente Martiria eleizakoa eta Arratzuko harmoniuma zaharbarritzen dabiz. Bien bitartean, jaialdiak lanean jarraitzen dau eskualdeko beste tresna historiko batzuk be berreskuratzeko eta pixkanaka kultur jardueretan txertatzeko.
Kontuak kontu, aurtengo beste barrikuntza nagusietako bat Urdaibaiko Soinuak erakusketea izango da. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoagaz alkarlanean atondutakoa, Organoa, museo bizia lelopean. Erakusketeak Lope Alberdi Recalde (Gautegiz Arteaga, 1868- 1948) organogile maisuaren ibilbidea berreskuratuko dau. Haren lanari esker, Urdaibaiko organoen soinua peninsulako hainbat lekutara, Amerikara eta Filipinetara be heldu zan. Erakusketea garagarrilaren 21ean inaugurauko da, eguerdiko 12:00etan.
Lope Alberdiren ibilbidea ardatz hartuta, erakusketeak organoaren bilakaera tekniko eta artistikoa ezagutzeko aukerea eskainiko dau, eta tresna horreek Urdaibaiko kultura nortasunaren parte dirala nabarmenduko dau. Egitaraua bisita gidatuakaz eta abuztuaren 13an museoan bertan egingo dan herritarrei edegitako mahai-inguruagaz osotuko da.
Aitziber Ansotegiren esanetan, Urdaibaiko Organoak jaialdiak Urremendik ondarea ulertzeko modua islatzen dau. Ondarea jagotea ezinbestekoa da, baina herrien eguneroko bizitearen parte be izan behar dau. Edizino bakotxak erakusten dau ondarea babestea herritarren eskura jartea be badala, eta kulturea, ezagutzea eta tokiko garapena sustatzeko aukerea bihurtzea.
Ganerakoan, 2026ko edizinoak barriro be estadu mailako zein nazinoarteko ospe handiko interpreteak batuko ditu Gernika-Lumo, Mundaka, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Axpe-Busturia eta Arratzuko eleizetan. Holan, musikearen, ondarearen eta lurraldearen arteko lotura estua indartzen jarraituko dau jaialdiak.
Joxe Benantzi Bilbaok zehaztu dauenez, Busturialdeak balio handiko organo-ondarea gordeten dau, eta jaialdi hau ondare hori goi-mailako kultur proposamen bihurtzeko adibide bikaina da. Hogei urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, argi erakutsi dogu organo honeek ez dirala museoan gordetako piezak, bizirik dagozan musika tresnak dira. Zaharbarritze bakotxa garaipen bat da gure ondarerako eta kontzertu bakotxa aukera berezia, tresna horreei barriro ahotsa emoteko eta gizarteagaz konpartiduteko.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
