Plateruena - Izar Recordsek azken txanpeari ekingo deutso
2026-07-08 08:08 MusikeaGaragarrilaren 10ean eta 17an egingo diran azken sailkapen kontzertu bigaz.

Erretratua: Javier Lopez Fabián.
Lehenengo edizino honetan 40 taldek emon eben izena eta horreetatik 30ek lehiaketan parte hartzeko eskatutako gitxieneko kalidadea gainditu eben. Joan dan maiatzetik, lehiaketan zuzeneko bederatzi kontzertu izango dira eta parte hartzen daben taldeen talentua ezagutzeko aukerea eskainiko dau.
Azken kontzertu biak Plateruenako terrazan izango dira. Eguraldi txarra egingo baleu, Andra Mari eleizpera lekualdatuko dira.
Garagarrilaren 10ean, 20:00etatik aurrera, Plateruenako terrazan Sweet Rage, Iker Gomez, The Soulbar Taldea eta Bixonte Dort taldeen kontzertuak izango dira. Astebete aurrerago, garagarrilaren 17an, 21:00etan, barriro be Plateruenako terrazan egingo da azken sailkapen-kontzertua, Deborah Riff, El Callejón del Gato eta Dorre taldeen eskutik.
Maila orokorreko hiru talde onenak eta Durangaldeko talde bi onenak irailaren 26an, Goienkaleko jaietan egingo dan finalean lehiatuko dira.
Durangoko Udalak eta Izar Recordsek alkarlanean atondutako Plateruena - Izar Records musika-lehiaketeak lehenengo edizinoaren azken txanpeari ekingo deutso azken sailkapen-kontzertu bigaz. Talde eta bakarlariei zuzendutako lehiaketa honek tokiko musika-sorkuntzea bultzatzea, proiektu artistiko barriei ikusgarritasuna emotea eta Durangoko zein Euskadiko bizitza kulturala aberastea ditu helburu.
Kontzertu guztiak amaitu ondoren, garagarrilaren 20tik 24ra bitartean talde finalistak zeintzuk izango diran jakingo dogu. Finalera maila orokorreko hiru talde onenak eta Durangaldeko bi talde onenak sailkatuko dira.
Lehiaketearen final handia irailaren 26an, zapatuan, izango da, Goienkaleko jaien testuinguan. Holan amaituko da Plateruena - Izar Recordsen lehenengo edizinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
