York Bowen Festival Enkarterri Jaialdiak 100 musikari gazte batuko ditu
2026-07-07 07:52 MusikeaTopaketea garagarrilaren 20tik 31ra izango da.
Balmasedak uda honetan York Bowen Festival Enkarterri Jaialdia eskainiko dau. Musika klasikoko topaketa honek aste bitan Enkarterri prestakuntza, alkarbizitza eta sormen musikalerako gune bihurtuko dau, 12 eta 30 urte bitarteko Enkarterriko nahiz hainbat herrialdetatik etorritako gazte interpreteentzat. Jaialdia Enkarterri munduan zehar kulturearen bidez lelopean egingo da eta masterclassak, ganbera-musikea, orkestra-jarduerak, berbaldiak, aire zabaleko kirol-ekintzak eta edozeinentzako kontzertuak izango dira Enkarterriko eta Bilboko hainbat gunetan. Enkarterriko Mankomunidadea da egitasmoaren erakunde laguntzaile Nagusia, izan be, proiektuak musika klasikoa kulturartekotasuna sustatzeko eta Enkarterriko gazteen artean aisialdiaren eta kulturearen programazinoa sustatzeko, laguntzeko eta alkarregaz sortzeko tresnatzat, Gaztedi Enkarterri Planaren 16. neurriaren garapenagaz bat eginez dator.
Jaialdiaren ardatz nagusietako bat haren hezkuntza eta gizarte-dimensinoa da. Topaketearen helburua, barriz, talentu eta etorkizun artistiko handiko gazteei musika-prestakuntza espezializatua eskuratzeko aukerea emotea, askotan zailtasunak izaten baititue nazinoarteko esperientzia horretan parte hartzeko. Ekimenak benetako ikaskuntza eta hazkunde-aukerak sortu nahi ditu, ikasleen talentua eta ahalegina oinarri hartuta.
Esangura horretan, jaialdia Enkarterriko Mankomunidadearen Gaztedi Planaren barruan kokatzen da, holan, kultura eta musika klasikoa Enkarterriko gazteei hurreratzeko, kalidadezko proposamen artistikoetan parte hartzea sustatuz eta prestakuntzarako nahiz sormen kulturalerako dituen aukerak zabalduz. Era berean, ekimena eskualdeko kulturartekotasuna indartzeko tresna bezela planteetan da, jatorri ezbardinetako gazteen arteko topaketea eta alkarbizitzea sustatuz musikearen hizkuntza unibersalaren bidez. Azken sei urteotan, York Bowen Festival Enkarterrik Euskal Herriko eta Txina, Alemania, AEB, Italia eta Erresuma Batuko ikasleak batu ditu, musika klasikoaren inguruko kultura-truke eta ikaskuntza musikalerako gune sendoa eratuz.
Proiektuaren helburua da musika klasikoan sartzeko prozesu osoa eskaintzea, banakako masterclassak, ganbera-musikako lana, proba kolektiboak eta kontzertuak buztartzen dituan formatu trinko baten bidez. Ikasleek aste bi emongo ditue nazinoarteko erreferentziazko irakasle eta musikariakaz biziko dira, prestakuntza teknikoa eta esperientzia artistikoa konpartiduten.
Prestakuntza-jarduerearen egoitza nagusiak Balmasedako Horcasitas Jauregia, Klaret Antzokia, Kultur Etxea eta Abesbatzaren Gelea izango dira. Jaialdiak iraun bitartean, espazio horreek musika- hobekuntzarako ikasgela edegi bihurtuko dira. Programa akademikoak nazinoartean etntzutetsuak diran 30 irakasle eta musikari inguru batuko ditu, biolina, biolea, biolontxeloa, kontrabaxua, pianoa eta kantua espezialidadeetan. Horreen artean izango dira Paul Silverthorne, Tatiana Samouil, Natalia Tchitch, Michal Dmochowski, Sergey Teslya, Aldo Mata, Isabel Villanueva, Pablo Suárez Calero, Itziar Oyarzabal eta Marina Pardo, besteak beste.
Ikasle bakotxak hainbat masterclass jasoko ditu, bere behar tekniko eta musikaletara egokituta. Saioetan bakarlari-errepertorioa, sonatak, kontzertuak eta orkestrako pasarteak landuko dira. Gainera, klaseak ganerako ikasleentzat be zabalik egongo dira entzule lez, ikaskuntza partekatu eta parte-hartzailea sustatzeko. Ganbera-musikeak protagonismo berezia izango dau jaialdian. Atontzaileen ustez, diziplina hori ezinbesteko tresnea da edozein interpreteren garapen integralerako, entzute aktiboa, alkarrizketa musikala eta talde-lana sustatzen baititu. Ganbera-taldeak ikasleen mailearen arabera osotuko dira, eta topaketan zehar hainbat saio espezifiko jasoko ditue.
Jaialdiaren barruan, parte-hartzaile guztien arteko orkestrea be eratuko da. Horren bidez, talde-lana eta agertokiko esperientzia kolektiboa indartuko dira, Sergey Teslya eta Pablo Suárez irakasleen zuzendaritzapean.
Programazio artistikoa Bizkaiko eta Enkarterriko hainbat udalerri eta kulturagunetan garatuko da. Jaialdiari hasierea garagarrilaren 10ean emongo jako, Guggenheim Bilbao Museoan egingo dan kontzertu-hitzaldi bategaz. Topaketako irakasleek parte hartuko dabe bertan eta ganbera-musikea, proiektuaren aurkezpena eta Estibaliz Arroyo sopranoaren parte-hartze berezia izango ditu.
Garagarrilaren 20an, Balmasedako Horcasitas Jauregian ganbera-musikako irakasleen kontzertua izango da, parte-hartzaileei egingo jaken harrera ofizialaren ondoren. Egitarauan Maurice Ravelen eta Dohnányiren lanak izango dira.
Horrezaz gan, York Bowen Festival Enkarterriko hari-seikote batek —jaialdiko ikasle eta irakasleek osotua— kontzertu bana eskainiko dau garagarrilaren 21ean Zallako auditorioan eta garagarrilaren 23an, Güeñesko Santa Maria eleizan.
Jaialdian zehar, ikasleen kontzertuak be egingo dira Horcasitas Jauregian, baita topaketako parte-hartzaile guztiek osotutako ensemble-en emonaldiak bere.
Amaierako kontzertua garagarrilaren 30ean izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, jaialdian sortutako ganbera-talde onenak eta orkestreak parte hartuko dabe eta, aldi berean, parte-hartzaileei diplomak banatzeko ekitaldia be egingo da.
Programazino osoan zehar, errepertorio klasikoko oinarrizko konpositoreen obrak interpretauko dira: Brahms, Mozart eta Ravelenak, ganbera-talde eta orkestra-formatu ezbardinen bidez.
Topaketearen barruan, berbaldi edegiak eta betelako jarduerak be atonduko dira. Irakasleek eta ikasleek musika klasikoaren munduagaz lotutako esperientziak eta hausnarketak konpartiduko
ditue bertan.
Atontzaileek Enkarterriko ondare historiko eta kulturala jaialdiaren esperientziaren ezinbesteko osogaitzat hartzen dau. Balmasedak, Bizkaiko lehen uribilduak, balio historiko eta arkitektoniko handiko ingurunea eskaintzen baitau eta horrek musikea lurraldeari eta eskualdearen kultura-identidadeari estu lotutako esperientzia bihurtzen dau.
York Bowen Festival Enkarterrik Balmasedako Udalaren, Zallako eta Güeñesko udalen, Enkarturren, Bilbo, Leioa eta Barakaldoko konserbatorioen, Musikeneren, York Bowen Alkartearen, Guggenheim Bilbao Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren laguntzea dauka, baita Enkarterriko Mankomunidadearen babes instituzional nagusia be.
Jaialdiaren programazioari, izen-emoteei eta jarduera guztiei buruzko informazinoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
