Eneko Sagardoyren 'Moto' antzezlana jasoten dauen ingelesezko liburu bat aurkeztuko da

Bizkaie! 2026-07-03 11:06   Kulturea

Avignongo Antzerki Jaialdian garagarrilaren 9an.



DoSEL
(Drama of Smaller European Languages), Europako hizkuntza gitxituetan idatzitako antzezlanen itzulpenean eta garapenean oinarritutako nazinoarteko proiektua -Arriaga Antzokiak, besteak beste, bultzatua— mugarri barri batera heldu da: Eight Plays: Drama of Smaller European Languages izeneko ingelesezko bildumara. Liburu horretan, Arriaga Antzokiaren Moto-Membra Jesu Nostri (2022) produkzinoaren bidez dago ordezkatuta euskerea, izan be, lan horrek Eneko Sagardoyren testua dau oinarri, eta Justin Petersonek eta Tim Nicholsonek ingelesera itzuli dabe. Liburua 2026ko garagarrilarenn 9an aurkeztuko da Frantziako Avignongo Jaialdi entzutetsuan.

Aurkezpena Avignongo Cloître Saint-Louis-en egingo da, European Theatre Convention (ETC) erakundeak atondutako European Theatre Talks zikloaren barruan; bertan, Rok Bozovičarrek —Kranj-ko (Eslovenia) Prešeren Antzokiko zuzendariak eta proiektuaren arduradunak— DoSEL proiektua eta antzezlan-bildumea aurkeztuko ditu. Bildumeak antzezlanen itzulpen honeek batzen ditu:

• Eneko Sagardoy, MotoMembra Jesu Nostri, Justin Petersonek eta Tim Nicholsonek euskeratik itzulia.
• Dora Šustić, Pičman, Kroazieratik Vladislav Beronjak itzulia.
• Lon Kirkop, A Moon of Our Own, Malteraeratik Kat Storacek itzulia.
• Lluïsa Cunillé, The Donkey and the Stone, Katalanetik Dustin Langanek itzulia.
• Maša Pelko, Für Ophelia (A Mythology of Drowning), Eslovenieratik Barbara Skubicek itzulia.
• Jeton Neziraj, The Adventures of the Bosch Family in Unmikistan, Alexandra Channerrek albanieratik itzulia.
• Ekaterina Georgieva, Free Falling, Bulgarieratik Atanas Igov-ek itzulia.
Piret Jaaks, Do Animals Know How to Count?, Justin Petronek estonieratik itzulia.

Umberto Ecok ospetsu egin eban esaldiak dinoan bezela —eta proiektu honetan behin eta barriro entzun dogun bezela—: Europaren hizkuntzea itzulpena da. Itzulpena ez da bakarrik berbak hizkuntza batetik bestera eroateko prozesu tekniko bat; topaketarako, jakinminerako eta alkarren autorpenerako ekintza bat da. Haren bidez, istorioek bidaiatu leikie, ideak mugak gaindituz oihartzuna izan leikie, eta kulturek alkar ezagutu leikei. Liburu honetara batutako zortzi lanak konbentzimendu horren emoitzea dira. Itzulpenari esker, espazio komun bat topau dabe; bertan, Europa osoko eta haragoko ikusleek zein antzerkigintzako profesionalek irakurri, eztabaidatu, antzeztu eta berrasmau leikiez, dino Rok Bozovičarrek sarreran. Bildumako editorea Dino Pešut da; editore exekutiboa, Tamara Bračič Vidmar; editore linguistikoa, Jana Renée Wilcoxen; eta diseinatzaile grafikoa, Ana Bassin. Liburua Prešeren Theatre Kranj antzokiak argitaratu dau.

DoSELen helburua da Europako hizkuntza gitxituetan jatorriz idatzitako antzerki-lanen nazinoarteko ezagutzea eta irisgarritasuna areagotzea, baita horreek sarriago taularatzea sustatzea be. Esangura horretan, nabarmentzekoa da Moto-Membra Jesu Nostri lana bera euskeraz antzeztu zala Eslovenian, 2025eko urrian, proiektu honi esker. DoSEL proiektua Europako zortzi kultur erakunderen arteko lankidetzearen emoitzea da: Maltako Arte Eszenikoen Agentzia Nazionala, Sala Beckett (Katalunia), Zagrebeko Kroaziako Antzoki Nazionala, Estoniako Antzerki Agentzia, Kosovoko Antzoki Nazionala, Ivan Vazov Antzoki Nazionala (Bulgaria), Prešeren Antzokia (Eslovenia) eta Bilboko Arriaga Antzokia (Euskal Herria).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu