Euskal kutsua nabarmena izango da 27. Musika Klasikoa programan
2026-07-03 08:04 MusikeaMusbika Ensemble euskal taldeak Tutto Vivaldi eskainiko dau abuztuaren 22an.
Instrumentu klasikoen aniztasuna, musika estilo eta eskola ugari, ensemble, orkestra eta bakarlari bakotxaren berezitasunagaz batera, goi mailako zikloa iragarri dabe. Abuztuaren 22tik 29ra, Euskadiko, estadu espainiarreko eta nazinoarteko artistak batuko ditue. Arratsaldeko 20:30ean hasiko diran zortzi kontzertu iragarri ditue eta sartzea doban izango da eleizako jarleku guztiak bete arte.
Gizakundearen Eleizan, Aste Nagusiko musika-programazinoko hitzordu sendoenetako batek artista handien kontzertuak izango dira.
Programazinoa
- Abuztuaren 22an hasiko da Tutto Vivaldi programeagaz. Bertan, Musbika Ensemble euskal taldeak konpositore barrokoaren obra garrantzitsuenen errepasoa egingo dau, besteak beste, Folia zein Lau urtaroak eskainiz. Musika klasikoari eta antxinako musikeari leporatzen jakozan trabak eta klixeak gainditzeko helburuagaz sortua, taldeak eszenaratze fresko eta dinamikoa proponiduten dau, edonor harritzeko eta musika horregaz gozetako aukerea emoten dauena.
- Abuztuaren 23an, Iñaki Bermudez saxofonisteak eta Albert Guinovart pianisteak osotutako bikotearen txandea izango da, eta Traditional Echoes izenpeko programeari eutsiz Miquel de Jorge, W. Van Klaveren eta Albert Guinovart beraren lanak errepasauko ditue. Horrezaz gan, euskal musikan Aita Donostia edo Xabier Lete lako konpositoreen abestien tradizinoan oinarritua, Euskal Lurrak kantua be entzun ahal izango da.
- Abuztuaren 24an Tatiana Samouil biolinisteak eta Josu Okiñena pianista eta ikertzaileak hartuko deutse lekukoa eta W.A. Mozart, M. Ravel, P.I. Tajkovskij, F. Kreisler eta P. Sarasateren lanak jorratuko ditue. Errusiako Eskolako enbaxadorea eta Sochiko (Errusia) 2014ko Olinpiar Jokoak zarratzeko ekitaldiko protagonistetako bat, Yuri Bashmetegaz, Samouilek ibilbide sendoa dau bakarlari legez, grabazinoetako artista bikaina, ganberako musikari eta pedagogo lanetan ibilia da. Okiñenak, barriz, hamarkada bi baino gehiago daroaz musika klasikoa juorratzen, XX. mendeko euskal konpositoreei begira.
- Abuztuaren 25ean Boreal Bikotea izango da protagonista, Claudia Besné (harpistea) eta Eva Calvo (gitarristea) prest azalduko dira entzuleak zur eta lur ixteko eta Hari artean: soinudun bidaia programea aurkeztuko dabe. Harpa eta gitarrearen alkarreraginak garai askotako pieza adierazgarriz osotutako errepertorioari ekingo deutse eta, besteak beste, Stanley Myers, Astor Piazzolla, Isaac Albeniz, Enrique Granados, Maximo Diego Pujol eta Luigi Boccherini artisten lanak jorratuko ditue. Bikotea 2019an sortu zn Salzburgoko Mozarteum Unibersidade ospetsuan, eta bikaintasun teknikoa eta interpretetako sentiberatasun aparta buztartuz ikuspegi artistikoa jorratu dabe. Gainera, talentuagaitik, musikalidadeagaitik eta akatsik bako teknikeagaitik autortuak izan dira.
- Eguaztenean, abuztuaren 26an, Ecco Quintet boskotearen txandea izango da. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian sortutako formazinoa da eta C.M. Von Weber eta J. Brahms-en obrak eskainiko ditu. Oraintsu sortutako taldea sensibilidade musikal magikoa eta soinuaren arloko orekea nabarmentzen dira, ganbera-musikeagaz konpromisoa izateaz gan, honako honeek dira taldekideak: Maddi Arriola Mendieta eta Isabel Guzmán Jiménez biolinistak, Martí Mena Estopà biolistea, Lucía Arboniés Vazquez biolontxelistea eta Rocío Fernández Alfonso klarinetistea.
- Abuztuaren 27an Osimun Quartet saxofoi talde gazteak joko dau. Laukoteak buztartu egiten ditu tradizino klasikoari deukotsen errespetua eta hauskortasunerako eta esperimentazinorako jarrera edegia; ikuspegi horretatik helduko deutse Gelditasunetik mobimentura programeari. Bertan, bulkada musikalaren formak aztertuko ditue, kontenplazino sakonetik hasi eta jantza eta mobimentu biziagoetara, Joseph Haydn, Fanny Hensel-Mendelssohn, Felix Mendelssohn Bartholdy, György Ligeti, Béla Bartók eta Joan Pérez Villegasen obrak interpretauko ditue.
- Abuztuaren 28an, barikuan, Rossini Abesbatzaren Bilboko irudiak izango da protagonista. Bilboko historia errepasauko dau, uriaren historiako momentu magikoak gogora ekarri eta arbasoak omentzen dituen abesti eta testuakaz. 1990etik jardunean, gaur egun abesbatzaren zuzendari artistikoa Ana Begoña Hernández bilbotarra da.
- Programazinoari amaierea emongo deutso, abuztuaren 29an, zapatuan, Adolfo Gutiérrez Arenas biolontxelisteak, gaur egun nazinoartean proiekzino handiena dauen Estaduko musikarietako batek. 2010ean London Symphony Orchestreagaz debuta egin ebanetik, Ibermusica seriean, orkestra-zuzendari eta nazinoarteko talde handiakaz kolaborau dau, eta errezitaldi ugaritan protagonista izan da mundu osoan zehar. Bilboko hitzorduan, J.S. Bachen Soilik biolontxeloarentzako hiru suite interpretauko dau.
27. Musika Klasikoa
Abuztuak 22 (zapatua): Musbika Ensemble - Tutto Vivaldi.
Abuztuak 23: Iñaki Bermúdez eta Albert Guinovart – Traditional Echoes.
Abuztuak 24: Tatiana Samouil eta Josu Okiñena
Abuztuak 25: Boreal Bikotea – Hari artean: soinudun bidaia.
Abuztuak 26: Ecco Quintet Musikene.
Abuztuak 27: Osimun Quartet – Gelditasunetik mugimendura.
Abuztuak 28: Rossini Abestatza – Bilboko irudiak.
Abuztuak 29: Adolfo Gutiérrez Arenas – Soilik biolontzeloarentzako hiru suite.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
