‘Irailekoak’ Poesía Jaialdia Itsasura bueltauko da aurten
2026-07-02 11:12 KultureaIrailaren 26an eta 27an izango da.
Irailekoak Poesía Jaialdia Itsasura (Lapurdi) bueltauko da aurten, bigarrenez. Euskaltzaindiak 2023an atondu eban jaialdiaren lehenengo edizinoa, Lekeition; bigarrena Itsasun atondu eban eta hirugarren aldia, 2025ekoa, Lekeition izan zan barriro. Aurten, Lapurdiko herrira bueltauko da, hain zuzen, irailaren 26an eta 27an. Akademiak Itsasuko Herriko Etxearen babesari esker eta Euskal Kultur Erakundearen partaidetzeari esker atondu dau aurtengo hitzordua. Holan, Euskerearen Akademiak, literatureari daukotson atxikimendua adierazoteko, poesiari eskainitako laugarren astegoiena atontzea erabagi dau, hasierako helburuei eutsiz. Aurrekoetan bezela, Euskal Herri osoarentzat atonduko da Irailekoak, poesiak bere toki-denporak izan daizan gure artean. Era berean, Euskal Herrian atontzen diran danetariko literatura jardunaldien egutegia osotu nahi dau jaialdiak; horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdiaren aurtengo edizinoan.
Egitasmoak euskal poeten lana gizarteratzea dau helburu, berbaldien, irakurraldi eta errezitaldien bidez. Era berean, beste bazter batzuetako poetek be hartuko dabe. Poesiagaz batera, beste kultura-adierazpide batzuk buztartuko dira, besteak beste, musikea eta artelanak. Egitarauaren zehaztasunak irailean emongo ditu Euskaltzaindiak.
Programazinoa
Itsasun poesiari presentzia handiagoa emoteko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantziko dira herriko erakusleihoak udaldian. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira.
Horrezaz gan, iraileko egun horreetan egindakoaren lekukotzea jasoteko, Iraileko Paperak aldizkaria plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko lez. Jaialdian parte hartuko daben olerkari eta ikusleen artean banatuko da aldizkaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
