AA sortzailearen aroan Pirinioetako hizkuntzen presentzia bermatzeko bikaintasun-sarea martxan
2026-07-02 08:20 KultureaSarearen helburua Pirinioez gaindiko hizkuntza-azpiegiturea eregitea da.
Hizkuntza-eredu handien agerpenak eta, oro har, adimen artifizial sortzailearenak, goitik behera aldatu dau idazteko, sortzeko eta lan egiteko modua. Aldaketa azkar horrek galdera bat dakar: zein hizkuntzatan funtzionetan dau teknologia barri horrek? Erantzuna, gaur-gaurkoz, kezkagarria da hizkuntza gitxituentzat. Eredu nagusiak ingelesezko, espainierazko, frantsesezko eta txinerazko datuakaz entrenetan dira gehienbat. Euskerea, okzitanierea, aragoierea eta katalana egiturazko desabantaila-egoeran dagoz oraindino: datu eta tresna gitxiago eta presentzia txikiagoa miloek personak egunero erabilten dituen sistemetan.
Pirinioetako lurraldea —15 miloe biztanle baino gehiago, sei hizkuntza, hainbat tokiko bariedade— Europan parekorik ez dauen eleaniztasun-laborategi bat da. Era berean, desparekotasun digital hori ikusgarriago egiten dan lurraldeetako bat da, baita mugaz gaindiko lankidetzeak zentzun handiagoa dauenetako bat be.
Linguatec-IA proiektu europarraren lan-esparrua Pirinioen alde bietako baliabide gitxiko hizkuntzen digitalizazinoa eta AAren garapena da eta bikoizketa automatikoko plataforma bat aurkeztu dau Hizkuntza gitxituak eta adimen artifiziala. Pirinioen alde bietatik etorkizunari begira mugaz gaindiko biltzarraren esparruan. Hitzordua Linguatec-IAk atondu dau Baionan, Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen (UNUM) barruan. Linguatec-IA Pirinioen alde bietako ikerketa-erakundeek eta unibersidadeek osotzen dabe eta Elhuyar dau buru.
Plataforma horri esker, ikus-entzunezko edukiak itzuli daitekez Pirinioetako hizkuntzen artean (okzitanierea, euskerea, katalana, aragoierea, frantsesa eta gaztelania), eta hizkuntzara bideratutako AAren teknologiarik puntakoenak ditu: adierazotako hizkuntza gitxituetarako landutako itzulpen automatikoko, ahots-ezagutzako (ASR) eta ahots- sintesiko (TTS) teknologia guztiei esker, bikoizketa automatikorako plataformea sortu da. Aitatu proiektuaren % 65 Europar Batasunak finantziau dau, Interreg VI-A Espainia- Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programearen bidez. POCTEFAren helburua da Espainia- Frantzia-Andorra mugako eremuaren integrazino ekonomiko eta soziala indartzea. Erakutsitako demoak agirian ixten dau laster oinarrizko tresnea izango dala lurraldeko eleaniztasunerako, minutu gitxian bideoak hainbat hizkuntzatan sortzeko aukerea emongo baitau. Tresna Linguatec-IA proiektuaren emoitza ikusgarrienetako bat izango da, azaldu dau Europako proiektuaren koordinatzaile eta Elhuyarreko kide Itziar Cortések.
Kontuak kontu, baliabide gitxiko hizkuntzetarako jorratutako teknologia horren aurkezpenean erakutsi da txikien arteko lankidetzearen garrantzia: plataforma honek erakusten dau zelako inportantzia daben erakundeen konpromisoak eta lankidetzeak baliabide gitxiko hizkuntzak atzean geratu ez daitezan lortzeko AA sortzailearen aro betean, esan dau.
Esangura horretan, Linguatec-IA proiektuaren inguruan artikulautako partzuergoak —Elhuyar (Orai NLP Teknologiak), Lo Congrès, Hitz Zentroa (EHU), Tolosako Unibersidadea – Jean Jaurès, Perpignango Unibersidadea – Via Domitia, Iker Zentroa (CNRS), Lleidako Unibersidadea eta Aragoiko Gobernua— adierazpen bat sinatu dau Hizkuntzara bideratutako Adimen Artifizialeko Mugaz Gaindiko Bikaintasun Sarea barritzeko eta sendotzeko, Nafarroako eta Akitania Barriko ordezkariakaz batera: Javier Arakama (Euskarabidea-Euskerearen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea) eta Mathieu Bergé (Akitania Barriko ordezkaria).
Ekitaldiaren helburua izan da Mugaz Gaindiko Bikaintasun Sarea sendotzea, Pirinioez gaindiko hizkuntza-azpiegiturea eregiteko lankidetza teknologikoaren bidez adimen artifizial sortzailearen aroan gure hizkuntzen presentzia bermatzeko. Koordinatzaileak helburuaren zaltasuna nabarmendu dau, hizkuntza bakotxak bere egoerea bizi dauelako arlo digitalean: horreetako bakotxaren diagnostikotik ekinez, ibilbide-orri bana diseinau da, bakotxagaz modu independentean aurrera egiteko eta beharrezko tresna teknologikoez horniduteko, bakotxaren abiapuntuaren arabera, adierazo dau Cortések. Halan da be, proiektu honek erakutsi dau hizkuntza gitxituen arteko mugaz gaindiko lankidetzea posible dala eta, gainera, eraginkorra dala. 2021ean aurreko Linguatec proiektua martxan jarri genduanetik, hizkuntza-baliabideak, AA ereduak eta euskerea, okzitanierea, aragoierea eta katalanerako tresna teknologiko zehatzak landu dira.
Adierazpenaren sinatzaileek etorkizun hurbilean eragile gehiago sartzea aurreikusten dabe: danon konpromisoa oinarrizko da gure hizkuntzek aurrera egin deien abiadura handian aldatzen dagoan agertoki honetan, zehaztu dau Cortések.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
