'Bilboko Erraldoiak' erakusketea Euskal Museora bueltau da
2026-07-02 07:50 KultureaGaragarilaren 1etik irailaren 6ra bisitau ahal izango da Euskal Museoan.
Erakusketeagaz batera, umeeentzako tailerrak, parte hartzeko jarduerak eta Ondalan Konparseagaz alkarlanean atondutako Erraldoien Dantza tailer tradizionala egingo dira.
Bilboko Erraldoiak Euskal Museora bueltauko dira uda honetan, museoa erabarritze integralaren ondoren barriro edegi ostean. Bilboko herri-kulturako irudi enblematiko horreei eskainitako ohiko erakuskeetea irailaren 6ra arte bisitau ahal izango da.
Aurten, gainera, erakusketea gune bitan izango da: Euskal Museoko klaustroan eta Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategian. Egoitza bi horreei esker, Bilboko Erraldoien belaunaldiak ezagutzeko aukerea izango dabe bisitariek, izan be, irudi horreek uriaren iruditeria kolektiboaren parte dira, eta urtero milaka lagunentzat Aste Nagusiaren etorrerea iragarten dabe.
Aztarnategia zarratuta egongo da garagarrilaren 25ean eta 31n eta abuztuaren 15ean, jaiegunak diralako.
Euskal Museoan Aste Nagusiko ospakizunetan gaur egun parte hartzen daben erraldoiak egongo dira ikusgai; Aztarnategian, barriz, jaietako kalejiratan ataraten ez dituen beste belaunaldi batzuetako erraldoiak erakutsiko dira.
Euskal Museoko erakusketea bisitetako sarrera orokorra 10 euroan dago baina Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategirako sarrerak, barriz, 3 euroan dagoz salgai.
Sartzea doban da eguaztenetan Euskal Museoan eta eguenetan Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategian. Euskal Museoan 18 urtetik beherakoak doban sartu daitekez; Aztarnategian, barriz, 12 urtetik beherakoak. Era berean, Aste Nagusian, abuztuaren 22tik 30era bitartean, Bilboko Erraldoiak erakusketea doban bisitau ahal izango da.
Erakusketea osotzeko, umeei eta familiei zuzendutako jarduera-programazino berezia atondu dabe egoitza bietan.
Programazinoa
Erraldoiak Dantzan: Ondalan Konparseagaz alkarlanean, Euskal Museoak erraldoien eta euren jantzen mundua ezagutzeko parte-hartze tailerra hartuko dau. Tailerrak garagarrilaren 10ean, 17an, 24an eta 30ean, eta abuztuaren 7an egingo dira, goizeko 11:00etan. Sei urtetik gorako umeentzako dira, euskeraz.
Umeentzako tailerrak: garagarrilaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 11:00etan, Bilboko Erraldoietan inspirautako sormen-tailerrak egingo dira. Bertan, parte-hartzaileek papelezko Gargantua txiki bat, erraldoi baten txotxongiloa edo Pichichi eta Tomasa lako personaia enblematikoetan oinarritutako iman bat egingo ditue. Sei urtetik gorako umeei zuzendutako jarduerea da eta gehienez 15 laguneko taldeak egingo dira. Euro bian dagoz sarrerak. Jarduerea euskeraz izango da. Erosi sarrerak hemen.
Tailer edegiak: garagarrilaren 8tik abuztuaren 19ra, eguaztenetan goizero, Euskal Museoko klaustroan sormen-gune edegi bat egongo da ume eta familientzat. Papelezko erraldoiak jarduerearen bidez, erakusketan inspirautako irudiak diseinau eta eregiteko aukerea izango dabe parte-hartzaileek. Jarduera doban eta sei urtetik gorakoentzat da.
Aztarnategiko jarduerak
Zure hatz edo atzamarrak erraldoi dira umeentzako tailerra: garagarrileko eguen guztietan, 11:00etan, sei urtetik gorako umeek Bilboko Erraldoietan inspirautako hatx-txotxongiloak egingo ditue. Jarduerea euskeraz izango da, gehienez 15 parte-hartzailegaz. Prezioa: euro bi eta izena museoko webgunearen bidez edo leihatilan emon ahal izango da hemen.
Tailer edegiak: garagarrilean eta abuztuan, martitzen goiz guztietan, Aztarnategiak esperimentazinorako eta olgeta librerako gune bat eskainiko deutse umeei eta familiei. Papelezko erraldoiak jarduerearen bidez, parte-hartzaileek Bilboko erraldoietan inspirautako euren irudia sortu ahal izango dabe. Jarduerea doban eta 6 urtetik gorakoentzat da.
Txiki-erraldoi bikote baten zozketea: Euskal Museoak eta Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategiak Aurkitu (topau) akatsak lehiaketea atondu dabe. Bisitariek txiki-erraldoi bikote baten zozketan parte hartu ahal izango dabe baina horretarako egoitza biak bisitau ondoren parte hartzeko txartela bete eta gune bietako edozeinetan horretarako prestautako postontzietan itxita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
