Bilboko Arte Ederren Museoak Prado Museoan aurkeztu dau berredegierarako erakusketa-proiektu nagusia

Bizkaie! 2026-06-30 09:26   Kulturea

Kulturearen aldeko herri-jarrerea da, gure nortasuna sendotzen dauena.

Prado Museoko zuzendari Miguel Falomirregaz, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugazagaz, Arango familiagaz eta proiektuaren arduradunakaz batera egindako aurkezpenak museoaren etapa barriaren hasierea irudikatzen dau.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Madrilgo Prado Museoan parte hartu dau Hasierearen bila. Plácido Arangori omenaldia proiektuaren aurkezpenean. Erakusketa hori Bilboko Arte Ederren Museoak datorren urriaren 5ean, handitze-lanak amaitu ondoren, hasiko dauen etapa barriaren inaugurazino-programako ardatz nagusietako bat izango da.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak nabarmendu dauenez, museoaren berredegiereak kulturearen eta gure konpartidutako nortasuna sendotu eta Euskadi mundura zanaltzen daben azpiegitura estrategikoen aldeko herri-apustua ordezkatzen dau.

Bengoetxeak azpimarratu dauenez, Bilboko Arte Ederren Museoaren berredegierea eraikin barritu baten inaugurazinoa baino askoz gehiago da. Kulturaren aldeko herri-apustua da, gure nortasuna sendotzen eta Euskadi mundura zabaltzen daben azpiegitura estrategikoen aldeko apustua. Hasieraren bila proiektuak Plácido Arango bildumagile eta mezenas handiari egingo deutso autortzea. Hurrengo lau urteetan, haren bildumako ehun obra baino gehiago Bilboko Arte Ederren Museoaren ibilbidean txertatuko baitir, nazinoarteko museo eta bilduma garrantzitsuenetako maileguakaz batera. Holan, Bilbo nazinoarteko oihartzuna izango dauen omenaldi baten erdigune bihurtuko da.

Museoaren etapa barrian protagonismo berezia izango dabe Arangoren ondareari lotutako zenbait lan esanguratsuk be, besteak beste, Richard Serrarena dan Bilbao eskultureak, Arango familiaren dohaintzeari esker Arriaga Atarian kokatua dagoanak. Horreez gan, Eduardo Chillida, Cristina Iglesias, Pablo Palazuelo eta Anthony Caroren obrek osotuko dabe handitze-lanek sortutako espazio barrien ibilbidea.

Bengoetxeak proiektuak Euskadirako dauen esangurea nabarmendu dau: kultureak nor garen esaten deusku baina baita nor izan nahi dogun be. Horregatik egiten dogu kulturearen aldeko apustu estrategikoa: gure ondarea jagoteko, sormena sustatzeko eta mundura edegita dagoan nortasuna sendotzeko.

Azkenik, lehen lehendakariordeak Prado Museoari, Arango familiari eta BBK Banku Fundazinoari eskerrak emon deutsee Bilboko Arte Ederren Museoaren etapa barria eta nazinoarteko proiekzinoa indartuko dituan proiektu hau posible egiteagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu