Hizkuntza-politiketan benetako saltoa emon eta lankidetzea eskaini deutso Kontseiluak Jaurlaritzeari

Bizkaie! 2026-06-26 13:42   Euskerea berbagai

Euskerearen normalizazino eta bizibarritze prozesuaz egin dabe berba.



Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariagaz eta Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz batzartu dira Idurre Eskisabel Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusia, Manex Mantxola koordinatzailea, Goiatz Urkijo lehendakariordea eta Joanmari Larrarte zuzendaritzako kidea. Lehendakaritzako egoitzan egindako bileran, euskerearen normalizazino eta bizibarritze prozesuan aurrera egiteko beharraz eta erronka barriez berba egin dabe alde biek.

Euskalgintzearen Kontseiluak Batuz Aldatu dinamika sozialeko Talde Eragileak jorratutako Itun soziopolitiko barrirako dokumentua aurkeztu deutse lehendakariari eta lehendakariordeari. Euskal Herri osoko eta askotariko 150 gizarte eragilek sinatutako proposamen honek benetako Jauzi edo salto baterako oinarriak jasoten ditu: euskerearen ezagutza orokortzea, erabilera normalerako baldintzak sortzea, estatusean aurrerapausuak egitea eta komunidadea ahalduntzea, hau da, minorientzako begiradan oinarritzen dan hizkuntza-politikea gainditu eta euskerearen ezagutza eta erabilerea orokortzea helburu dauen paradigma barri bati ekitea, hori baita minorizautako hizkuntza bat normalizazinora, bardintasunera, eroateko bidea.

Beste alde batetik, Pizkundearen inguruko lan arloaren bidez euskerearen aldeko jarrera soziala hauspotzeko egindako bidea be azaldu deutse Kontseiluak Jaurlaritzako ordezkariei, abenduan Bilbon egindako ekitaldiagaz eta bagilean Iruñean atondutako Euskaltzaleon Martxearen bidez. Azkenik, Euskalgintzearen Kontseilua noranzko horretan alkarlanerako prest dagoala zehaztu deutse Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta lehendakariordeari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu